Erakusketa

JESÚS ECHEVERRÍA BURGOA

2024/01/26 - 2024/03/17
Astelehenetik igandera, 9: 00etatik 14: 00etara eta 17: 00etatik 21: 00etara
KARTELA

KONDESTABLEAREN JAUREGIA. Urtarrilak 26 – martxoak 17. Jesús Echeverría Burgoa, 1932 – 2022. Atzera begirako erakusketa.

Inpresionismoaren, expresionismoaren edo kubismoaren eraginak; esperimentazioak natura hilarekin, geometriarekin edo itsas paisaiekin; ateak, kutxak, arropak edo asmo artistikoko publizitate-objektuen irudikapena. Jesús Echeverría Burgoaren sormen unibertsoa bildu da Kondestablearen Jauregian dagoen atzera begirako erakusketan. Bertan, 80ko hamarkadatik 2013 urtera bitartean Iruñean programatutako erakusketetako parte izan ziren hiru hamarkada baino gehiagoko lanetako batzuk erakusten dira. 

Jesús Echeverría Burgoa (Ondarroa, 1933 – 2022) artearekiko bokazio berantiarreko kasua da. Gaztetako lesio batek futbolaren elitetik aldendu zuen (Osasuna, Erreala eta Castelló bezalako taldeetatik) eta bizitza arkitektura ikasketetara bideratzeko gai izan zen, gerora enpresa-mundutik aplikatzeko. Helduaroan, bihotzeko gaitz bat zela-eta bizi-erritmoa mantsotu behar izan zuen eta artearen mundurantz jo zuen. Zazpi urtez margolari-ofizioa ikasten aritu zen Antonio Eslava maisu eta margolariaren lantegian, Iruñean. Bere lehen erakusketa egin zuenean, amaren abizena (Burgoa) erabiltzea erabaki zuen, bere lanak Jesús E. Burgoa izenez sinatuta.

Bere ibilbide artistikoan zehar, Burgoak banakako hamarren bat erakusketa baino gehiago egin zituen, gehienak Ziudadelako aretoetan. Atzera begirako erakusketa honek garai hartan erakutsi ziren lanak biltzen ditu, argitaratu gabeko ‘Rocas’ sailarekin batera. Horien bidez, bokaziozko egile baten bilakaera egiaztatzen da, baita sormenarekin eta bere marrazkien konposizioaren, kolorearen eta trazuaren azterketarekin duen konpromisoa ere.

Hastapenak eta ondorengo joera expresionista
1981. urtean Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren García Castañón kaleko areto zaharrean egin zuen ‘Inicio’ izeneko lehen erakusketako lanak, pertsonalizatzea bilatzen duen artista baten lanak dira. Hasierako koadro horietan guztietan itsasoarekiko eta natura hilaren genero piktorikoarekiko maitasuna gailentzen da dagoeneko. Ikaskuntza-prozesuko lehen garaian natura hil kanonikoa nabarmentzen da bere pinturan, baina, handik gutxira, eragin kubistako natura hiletara bideratuko zuen bere interesa. Horrela, aldez aurretik prestatutako espazio eszenografikotik espazio birtualera joan zen, eta, handik aurrerako erakusketetan konposizioaren egiturak hartuko zuen garrantzia adierazten dute irudi horiek. 

Handik urte batzuetara, 1988an, ‘Kontrageometria’ jarri zuen ikusgai Mistoen eraikinean. Burgoak modu kontzientean hausten du estilo artistikoen arteko bateraezintasuna, arrazoiaren eta espresioaren artekoa.  Bi munduak aurrez aurre jartzean, kontraste bat sortzen da antagonikoen artean: ordena geometrikoa eta espresionismo abstraktuaren anabasa. Bilaketa horrek itsasoaren iruditeria anbibalentera eraman zuen, haurtzaroko itsasora, bere ibilbide artistikoaren zati garrantzitsu bat zehaztu zuen hartara. Itsasoari buruzko koadroetan ez dago itsasoari kanpotik begiratzen dion norbaiten ikuspegi posesiborik, haren begirada marinelarena da, begirada inklusiboa. 

1996an Mistoen eraikinean erakutsitako ‘Igarotze errituak’ obran, ateen irudikapena agertzen da. Pertsonen iniziazio-errituak taxutzeko sinbolo egokienetako bat da, eta bat dator egoera batetik besterako trantsizioarekin, izan fisikoa, zein espirituala. Ateak bi egoera adierazten ditu: iragan aurrekoa eta ondorengoa. Ekintza atzean uzten den denborari eta espazioari lotuta dago. Egileak erreferentziazko ereduarekiko ikuspegi mimetiko eskalarra txertatzen du. Koadroek erreferentziazko objektuarekiko antzekotasunezko konstante metriko bat dute. Ateak zoruan bermatuta daude, eta hormaren kontra, metatuta, eta indusketaren batetik atera zirelako sentsazioa ematen dute.

Natura hilak haren obraren protagonista
1999 eta 2005 artean, Burgoa natura hilaren tradizio kanonikoa gainditzen ausartu zen, bere ibilbidean erabakigarriak izan ziren hiru erakusketen bidez. Erakusketa horiek Mistoen Pabiloian, Labean eta Ziudadelako Bolborategian ikusi ahal izan ziren. ‘570 kutxa’, ‘Bidalketen biltegia’ eta ‘Edukiontziak eta arropak’, irudikatu beharreko objektua erabat aurrez aurre ikusten da. Edozein perspektiba-zantzu ezabatzean, hondoa desagertzen da, koadroaren espazio laua bat dator objektuaren aurrealdearekin eta haren muga materialak bat datoz aukeratutako bastidorearen neurriekin. Beraz, antzekotasuna eskalarra da. 

“570 kutxa” lanean, Burgoak saihestu egiten ditu generoaren tradizioan hain ohikoak diren baratze- eta landare-produktuak, eta, hala ere, Ondarroako arrantza-portuko sotoei nortasuna ematen dieten objektuak, hots, arrain-kutxak, irudikatzen saiatzen da. Kutxa elementua neurketa-patroiaren metafora gisa baliatzen du.

‘Bidalketen biltegia’ lanean, koadroak paketatu egiten dira. Bilduta gelditzean, zura eta zumitz metalikoa agertzen dira. Enbalajedun koadroan, Burgoa objektutik artea hartu eta kontzeptuaren artearekin lotzen ausartzen da. Baina‘Biltegia’ izen ironikoa hartzen duen elkartze horrek transgresio bat ezkutatzen du, eta bultzatzen du publikoak bere buruari galdetzera ea nola geratzen ahal den objektu artistikoa enbalatuta, biltegi batean utzita, gozamen partikularretik edo publikotik kanpo.

‘Arropak eta edukiontziak’ lanean, Burgoak natura hilaz duen ikuspegi berezia aztertzen jarraitzen du, eta, arropa-edukiontzietan inspiratzen da, bere estudiotik gertu dagoen hoteletik ikuztegira bidean irtetean ikusi dituen arropa-edukiontzietan. Egileak arropari begiratzen dio eta ezaguna zaigunera hurbiltzen gaitu, hain hurbil dugun baina oharkabean pasatzen zaigun horretara. Gorputzetatik biluzitako arropa da, banan-banan bahitua, fardoetan nahaspilatu eta edukiontzi den koadroaren gainazalean uzten dena. 

Publizitate-objektuari begiratzea
‘Produktuak’ izan zen Burgoak 2013an Ziudadelako Bolborategian egin zuen azken erakusketa. Artistak publizitate-objektua hartzen du modelotzat. Objektuen irudiarekiko eta horiek hartuko dituen paperaren irudi laukizuzenarekiko interesa erakusten du. Batzuetan, objektua publizitate-enkoadraketaren barruan gelditzen da; beste batzuetan, objektuak gainditu egiten du enkoadraketa hori eta koadroaren gainean ebakita gelditzen da. Irudia hitzari gailentzen zaio, eta ematen du iragartzen diren objektuak laukizuzenen barrura eta kanpora jauzika ibiltzeko ebakiak izan direla. 

Azkenik, inoiz argitaratu gabeko ‘Arrokak’ saileko sormen lanak ere erakusten dira. Bidaia intimo baten antzera taxutzen da, non begirada introspektibo bihurtzen den eta haurtzaroko aterpe atenporala bere jaioterrian bilatzen duen, Ondarroan. Kantauriko arrokak jolasleku aproposak ziren itsasoa maite zuen haur batentzat. Bere azken jokoan, koadroak aberasten dituzten baliabide material gehienak eranzten ditu. Austeritatea adierazpide gisa baliatuta, kontraste handieneko eta neurritasun handiagoko bi kolore erabiltzen ditu, zuria eta beltza, konposizioa horiekin antolatzeko.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara