
ARTEA OINEZ 2023
- KONDESTABLEAREN JAUREGIA
- Astelehenetik igandera, 9: 00etatik 14: 00etara eta 17: 00etatik 21: 00etara
ZIUDADELAKO BOLBORATEGIA . Martxoak 17 – Maiatzak 7. MARISA MANTXOLA: CAMINOGRAFÍAS.
‘Caminografías. Lurretik haragoko esplorazioak’ da Marisa Mantxolak Ziudadelako Bolborategian aurkezten duen proposamena. 50 lan baino gehiago, fotomuntaketa inprimatuak eta animatuak, dokumentazioaren eta fikzioaren sintesia, gizakien eta landareen soinu- eta argazki-erregistroekin eraikiak. Denboran zehar hainbat tokitan barna behin eta berriz egindako ibilaldietan bildutakoak, guztiak.
‘Caminografías’ gizakien eta ez gizakien arteko topaketa bat da, eta XIX. mendean frantziar idazleek adierazitako gogoetetako bat jartzen du praktikan: gelditu eta behatzeko proposamena; azken batean, “denbora galduz soilik eraginen baitugu bestearekin topo egitea”. Proiektuak diseinua komunikazio- eta adierazpen-sistema gisa erabiltzen du, kultura, eskulana, teknologia eta estetika lotuz. Soinu- eta argazki-artxibo horietatik abiatu eta haien elementuen arteko loturak arretaz aztertuta organismo handiagoak diseinatu ditu, eta esploratutako lurraldeak ezagutzeko artefaktu gisa eskaintzen ditu.
Berezko nortasuna duten hainbat erakusketa-serie
Erakusketak 50 bat sorkuntza biltzen ditu, hainbat serietan banatuta, horietako bakoitzak bere nortasuna duelarik. ‘Mapas’-ek hirian natura gogorarazten eta antzeratzen duten tokietan ibiltzeko modu bat proposatzen du. Begirada arretatsu eta barearekin ibiltzea, ibilbideak behin eta berriz eginez, eta arreta berezia jarriz inguruko espezie txikienetan: landareetan, bide horien ertzetan bizi diren lagunetan.
‘Espejismos’-ek hiriko leku zoragarriak irudikatzen ditu, inbertsio handirik egin gabe bidaiatzeko. Bazter arrunt horiek, begirada handituta begiratuz gero, aparteko bilakatzen dira. Serie honetakoak Iruñean ikusi eta entzundako ‘ispilatzeak’ dira, Mikel Usetxiren laguntzarekin soinua sortzeko eta Nekane Mantxolarenarekin, giza-figurante gisa.
‘Microexploraciones’-ek Santiago de Compostelako Belvis parkean ikusitako 6 ale biltzen ditu. Enara-belarra, zolda-belarra, alargun-lorea, kolpe-belarra, onagra eta Venusen zapatatxoak dira. ‘Álbum expedicionario’ Arantzadiko parkean egindako ibilaldietan aurkitu eta sailkatutako landareen hogeita hamar bat collage dira. Azkenik, ‘Artxibo fantástico’ obrak giza eta landare-motiboekin eginiko 171 collage-pieza biltzen ditu paperean.
Egileari buruz
Marisa Mantxola Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Artista bisuala eta diseinatzaile grafiko independentea da, eta bere lana ikusizko komunikaziora bideratzen du batez ere, eta jaialdi, artista, kultur erakunde eta pertsona ekintzaileendako nortasun bisuala bilatzeko prozesuetan laguntza ematera.
‘Espejismos’ proiektuak Iruñeko Udalak 2020an emandako arte-sorkuntzaren sarietako bat jaso zuen. ‘Caminografias’-ek Huarte zentroaren eta Cuarto Pexigoren laguntzak eta bekak ere jaso ditu.
Donostiako Urgull mendira egunero igotzen zen amona Dolores Perurenari eskainiak dira sorkuntza horiek. Bere ibilaldietan landareak biltzen zituen, gero haiekin edertasunerako nahiz gaitzen aurkako ukenduak egiteko. Egunero ibiltzeko eta beretzako bakarrik hartzen zuen denbora-tartea, inguruarekin harremanetan jartzeko zuen modua eta landareekin lortzen zuen intimitatea lurrari utzi zion ondarearen parte dira.