Erakusketa

‘OROITZAPENAK! SANDUZELAIKO KALEAK ETA JENDEA’

‘OROITZAPENAK! SANDUZELAIKO KALEAK ETA JENDEA’. Sanduzelaik bere jatorria eta historia gogora ekarri ditu 1947tik 2000ra bitarte egindako 133 irudiz osatutako argazki-erakusketa baten bidez.
Sanduzelaiko Civivoxean egonen da ikusgai maiatzaren 8ra bitarte erakusketa, zeina auzoko bizilagunek utzitako argazkiei esker egin baita.

‘Oroitzapenak! Sanduzelaiko kaleak eta jendea’ da Iruñeko auzo horretako historia eta bilakaerari buruzko argazki erakusketaren izenburua. Sanduzelaiko Civivoxeko lehen eta bigarren solairuetan auzoko hainbat bizilagunen ekimenez sortutako erakusketa bat egonen da ikusgai. Erakusketak 133 argazki biltzen ditu eta maiatzaren 8ra bitarte bisitatzen ahalko da, jaien aurreko astearekin eta auzoko festen asteburuarekin batera.
Ikusgai egonen diren argazkiak 1947tik 2000ra bitartekoak dira, eta ardatz dute urteetan zehar bizi-bizirik dagoen auzoaren bilakaera erakustea. Zenbait landa- eta hiri-paisaiez gain, argazkien protagonistak, funtsean, Sanduzelaiko bizilagunak dira, Arga ibaiak, trenbideak eta Cuatrovientos eta Miluzeko zubiek mugatzen duten Iruñeko auzo historiko horren historiaren hainbat unetan kameraren aurrean paratu edo erakusten direnak.
Argazkiek auzoaren eta bizilagunen bizitzaren hainbat une erakusten dituzte: jolasak eta jaiak, askotariko lanbideak eta ospakizunak, aldarrikapen-ekitaldiak, kirol jarduerak eta pertsonaia esanguratsu eta ospetsuak, besteak beste. Guztietan auzoko bizilagunen bizitza igaro eta garatzen den landa-, industria- eta hiri-paisaia ikus daiteke. Argazkiak hautatzeko aintzat hartu dira denbora, bizipenak eta auzoa eraiki eta partekatu zuten pertsona ugari.
Erakusketa auzoko hainbat bizilagunen lankidetzaren emaitza da, zeinek beren argazkiak laga edo eskaini baitituzte. Iñaki Merkapidek hautatu eta ordenatu ditu erakusketarako argazkiak. Izan ere, Sanduzelaiko auzotarra argazkilaritzaren zalea da eta, bereziki, bere auzoko argazkilaritza zaharrarena. Ekimena Sanduzelaiko Civivoxean ikusgai egoteaz gain, hautatutako argazkiak errebelatu ditu zentroak, eta erakusketaren ekoizpenean eta muntaketan ere lagundu du.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara