Erakusketa

THE WAITING GAME III, TXEMA SALVANS

2022/11/03 - 2023/03/05
Asteartetik larunbatera, 12: 00etatik 15: 00etara eta 17: 00etatik 20: 00etara; igandeetan, 11: 00etatik 14: 00etara

NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO MUSEOA, DORRE ARETOA. AZAROAK 3 – MARTXOAK 5. ARGAZKI-ERAKUSKETA. EGILEA: TXEMA SALVANS.

Txema Salvansek The Waiting Game III lana erakutsiko digu. Erakusketa Museoaren Zubi-lanak Egitea komisariotza-proiektuan parte hartu izanaren emaitza da. Lana, bestalde, proiektu-sail baten barruan kokatzen da, non artistak jarduera unibertsal bat, “itxaronaldia” –kasu honetan txakurrarena– hizpide hartzen baitu.

Txakurrak oinarrizko hiru rol hauetako batean agertzen dira argazkietan: funtzio instrumental bat betetzen, erretratatutako subjektu gisara edo girotze-elementu huts gisara (ustekabekoa ala ez). Horiez gain, bestelako rol batzuk ere badira aurrekoetatik eratorriak: txakurra fideltasunaren paradigma gisara, peluxe biziduna edo izaki kutuna, dibertigarria edo basatia beste animaliekiko edo pertsonekiko harremanetan.

«Nire proiektuak orain arte argazkilaritzak askoz ere gutxiagotan ustiatutako zeregin bat dauka jomuga. Gure ikusmen-memorian txertatua egonda ere, argazkigintzan gutxitan azaldutako irudi bati heltzen diot: txakur baten irudiari, jabeen faltan haien ondasuna zaintzen. Txakurra gehienetan kate batez loturik dago, burdin hesi, horma edo hesi metaliko baten atzean, eraikin industrial bat, baserri bat, desegite-lantegi baten itxitura edo luxuzko txalet bat zaintzen», dio Salvansek.

Artistaren lan egiteko moduarekin bat, formatu handia eta tripodea erabiltzen ditu baliabide tekniko gisara, denbora moteldua eta fotografikoa ahalbidetuz. Zehaztasunak, deskribapen zorrotzak, konposizioaren soiltasunak eta enkoadraketa doitzeraino hautatutako distantziak posible egiten dute ikuspuntuaren hautaketa zehatz-mehatz kontrolatzea.

Egilearen lan-plangintzak ibilbide trinkoa egiten du penintsulako Mediterraneoan zehar: lurralde argitsu bat, eguzkiaren argi itsugarriaren eta distira mineralaren pean. Oso gune populaturik, jendez eta bizitzaz beterik. Bizi-kultura bitxia duen lurralde bat; izan ere, paradoxaz beterik dago, eta horrek bereizi egiten du beste edozein lurraldetatik eta bidea ematen dio artistari jarrera fisikoa ez ezik intelektuala ere hartzeko. Artistak bere gogoetak islatzen ditu obran paisaia irudidun (animalia bat) baten errepikapenaz, zeina, paisaian eta teknologian izandako aldaketak gorabehera, bideo-zaintzako edo segurtasuneko aurrerapenak barne, historiaz haraindi joan eta bertan irauten baitu, beti bezala.

The waiting game lanean –sailaren lehen proiektua eta Fotolibro RM 2012 lehiaketaren irabazlea-, Salvansek errepideko prostituzioa erretratatu zuen. The waiting game II lana aurrekoaren jarraipena da eta Mediterraneoko ubide, zingira edo portuko arrantzaleak zituen protagonista.

Sail bakoitzean, itxaronaldiek espazio mota bat partekatzen dute. Txema Salvansek azpimarratu egiten du hori eta “Waiting” hitza kenduta guztiz berdinak diren liburuak argitaratzen ditu.

BIOGRAFIA

Txema Salvans (1971) argazkilari dokumentalista da, biologia eta argazkilaritzako ikasketak txandakatu zituena. NewYork-eko ICPn ikasi zuen beka bati esker, eta hortik La Fabricara egin zuen jauzi, Benettonen arte-sormeneko zentrora. Lehen saria irabazi zuen 1997ko FotoPres-en, bai eta PhotoEspaña lehiaketa –argazkilaritza espainiarraren liburu hoberenari– eta RM Argitaletxearen Liburu Iberoamerikarraren lehiaketa ere, 2013an, The Waiting Game lanarekin.

Haren lanaren funtsa era askotako giza portaeretan eta desiretan egiten duen ikerketan datza, zeinak askotan harritu egiten gaitu. Azken urteotan, Mediterraneoko itsasertzeko gizarte postindutrialaren olgeta-eszenografiak bilatzen ditu formatu handiko bere kamerarekin, horien hutsalkeria surreala nabarmentzeko eta eragiten diguten harridura dibertigarriko sentimendua areagotzeko.

Paradisuko gordeleku iragankorrekin amets egitera garamatzan autoengainu kolektibo bati buruz ari zaigu mintzo, baina baita paradoxa bati buruz ere: guri, argazkien ikusleoi, debekaturik zaigu argazkietako aktoreek ikusi nahi dutena ikustea, eta, aitzitik, ikusi nahi ez duten hori begien aurrean jartzen zaigu. Salvansek mundu osoko aldizkarietan kolaboratu du.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara