JARDUERAK

20.000 PERTSONAK PARTE HARTU ZUTEN GABONETAKO PROGRAMAZIOAN

20.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren Gabonetan Ziudadelan eta Civivox sarean programatutako kultur jardueretara edo kontzertu eta musika emanaldietara Iruñean. Bestelako Argiak jaialdia eta Suakairekin elkarlanean egindako ‘Islak’ esperientzia musikala izan ziren parte-hartze handiena izan zuten ekitaldietako bi. Guztira, hogei kontzertu eta musika-emanaldi baino gehiago egin ziren elizetan eta kalean, familiarteko hiru ikuskizun Civivoxetan, sormen- eta arte-tailerrak, eta horiei gehitu behar zaizkie Ziudadelako erakusketetara egindako bisitak, ‘Islak’ musika-esperientzia eta Bestelako Argiak jaialdiko bideoarte-lanen ikustaldiak.

Beste urte batez, musika izan zen protagonista Udalaren Gabonetarako programazioan. Elizetan egindako kontzertuen zikloak 2.270 lagun bildu zituen, gutxi gorabehera. Azkenik, 9 kontzertu egin ziren, eta beste 3 bertan behera utzi behar izan ziren COVID-19aren ondorioz. Gayarre antzokian egindako La Pamplonesaren kontzertuak 800 lagun bildu zituen, eta Iruñeko Sinfoniettarenak, 450 baino gehiago. ‘Musika kalean’ ere egon ahal izan zen. Hainbat talde eta elkarte ibili ziren hiriko kaleetan barna gabon-kantak eta eguberrietako musika interpretatzen. 3.800 lagun baino gehiago aritu ziren parte hartzen eta abesbatza, koru, gaitero eta fanfarreei lagun egiten, zeinek Gabonetako eta Gabon aurreko goizak eta arratsaldeak girotu eta dinamizatu baitzituzten haien musikaz.

Abenduaren 17an irakurri zen Eguberrietako pregoiak hasiera eman zion ofizialki egun batzuk lehenagotik urtarrilaren 9ra bitarte garatu zen programazioari. 350 pertsona inguru izan ziren Udaletxe plazan pregoian. Nafarroako UNICEFek irakurri zuen eta Iruñeko Orfeoiko Haur Abesbatzak eta Belengo Artzainen Jaierazko Bazkunak emanaldia eskaini zuten.

5.000 lagun baino gehiago, Bestelako Argiak jaialdian, eta 6.500 bisitari, Ziudadelako erakusketetan
Bestelako Argiak jaialdiaren seigarren edizioak 5.000 lagun baino gehiago bildu zituen Ziudadelan. Abenduaren 17tik urtarrilaren 9ra lau bideo-sorkuntza proiektatu ziren Ziudadelako barrutian. Zehazki, Labearen kanpoaldean, 7. poternan, Lidia Biurrun aretoko horman eta Armada etorbideko harresiaren mihisean. 17:30etik 20:30era Ziudadelatik igarotzen zen edonork ikusten ahal zituen ‘Before We Collid’, ‘The Room’, ‘Erekaua’ eta ‘Risk’ lanak.
Horrez gain, 200 lagunek parte hartu zuten artistekin egindako sormen-lantegietan eta 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako lantegietan, zeinak Arma Aretoan egin baitziren, Bestelako Argiak jaialdiaren baitan. Saio horiek artista eta sortzaile hauek eman zituzten: Carmen Salgado Amado, Patricia Ejea, Alicia Otaegui, Teresa Sabaté, Blanca Razquin, Alberto Odériz, Virginia Santos, Marijose Recalde, Carmen Salgado Amado eta Blas Campos.

Ziudadelako erakusketei dagokienez, Gabonetan 6.500 lagunek bisitatu zituzten, gutxi gorabehera. Erakusketa-aretoetan hainbat egileren erakusketak egon dira, hala nola Roberta de Nicola eta José Carlos Díaz de Ceriorenak, Bolborategian, bata bestearen atzetik etorri zirenak; Yago Vaillorena, Labean; ‘Audiovisiones’, Arma Aretoan; edo Nerea Lekuonarena eta Afrika behar-beharrezkoarena (‘Ehunen hizkuntza’), Mistoen Pabiloiko bi solairuetan.
‘Islak’ soinu-esperientzia interaktiboa
‘Islak’ soinu-esperientzia interaktiboa izan da, Suakai kolektibo artistikoak sortua, eta Entzierroaren monumentuaren ondoan kokatutako karpa batean gozatu ahal izan dena abenduaren 27tik urtarrilaren 9ra. 2.750 lagun inguru izan dira murgiltze-esperientzia horretan, non hamaika estilotako –musika klasikoa, rocka, jazza, tradizionala– artistak eta taldeak uztartzen baitziren.
‘‘Islak, zure abentura musikan’’ proposamenak musikaren arloko historiaren barruan kontzeptu bitxi batekin egin du lan: obra bat sortzea eta konposatzea elkarreraginkortasunaren ikuspegitik. Sortu berri den lan horren bidez, bertaratutako publikoak zuen ondoren zer entzungo zen aukeratzeko ardura. Esperientziaren hasieratik, musikaren munduarekin erlazionatutako zenbait istorioren eta entzule bakoitzak hartzen zituen erabakien bidez, estilo zeharo ezberdinetako ezin konta ahala amaieratan bukatzen ziren lanak bizi eta horiez gozatzen ahal zen.
Familiarteko ikuskizunak Civivox sarean
Guztira 584 lagunek parte hartu zuten Civivox sareak Gabonetarako aurreikusitako jardueretan. Nagusiki, haurrendako sormen- eta arte-lantegiak ziren, hala Lego eraikuntzetakoak nola musikakoak, bai eta familiei zuzendutako ikuskizunak ere. Lapso Produccionesen ‘Klasiko Exzentrikoak’, Larumbe Danza konpainiaren ‘Zisneen aintzira 3D’ eta Pasadas las 5ren ‘Leonora eta 60 kafe-aleak’ ikuskizunek 170, 127 eta 97 ikusle izan zituzten, hurrenez hurren. Urtarrilaren 2an ‘Schubert basoan’ emanaldia bertan behera utzi behar izan zen.
Lantegietan ere parte-hartze handia egon zen. Izen-emateek eskainitako lekuak bete zituzten, nahiz eta jarduera egiten zen egun zehatzean zenbait leku hutsik geratu, kasu gehienetan COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak zirela eta.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara