ERAKUSTALDIA

BENLLIUREREN GAYARRE ETA SARASATEREN BUSTOAK, GAYARRE ANTZOKIAN

GAYARRE ANTZOKIA
2023/01/18 - 2023/01/31

Udalak, 80 urteko gorabeheren ondoren, Gayarre antzokian jarri du izena ematen dion Julián Gayarre Erronkariko tenorearen bustoa, Mariano Benlliurek egindako lana. Bertan ikusgai egonen da ere Pablo Sarasateren bustoa, egile berarena, Kondestablen ikusgai zegoena.

Iruñeko Udalak 80 urteko zikloa itxiko du, Julián Gayarre tenorearen bustoa bere izena daraman antzokiko besaulki-patioko horma-hobi batean jarrita. Bustoa XIX. mende amaierakoa da eta hemeretzigarren mendeko errealismoaren azken maisu handitzat hartzen den Mariano Benlliure eskultore valentziarrak egin zuen. 60ko hamarkadatik pieza Nafarroako jauregian zegoen. Duela urte batzuk, Javier Osés Sola herritarrak hasitako ikerketak honako hau eman zuen ezagutzera: Nafarroako Gobernuak jauregian gordetzen zuen bustoa garai hartan galdu zen Iruñeko Udalaren bustoa zela. Orduz geroztik, bi instituzioek lankidetzan egindako ikerketa baten bidez, bere jatorria argitu zen eta obra udal-egoitzara itzuli zen 2022ko amaieran.


Julián Gayarre konpositorearen bustoarekin batera, Udalak antzokira Pablo Sarasate Iruñeko biolin-jole eta konpositorearen busto bat ere eraman du, egile berak egina eta orain arte Kondestablearen jauregian dagoen musikariaren ondarea gordetzen zuen Museo-aretoan ikusgai zegoena. Artelanak simetrikoki jarri dira besaulki-patioko alboetako paretetako bi horma-hobitan, erakusketa-konexio argian. Bustoak jartzeko bi idulki diseinatu eta fabrikatu dira, besaulki-patioko arte estiloari jarraiki, eta espazio horietan segurtasun beira-arasa bana jarri da bustoak babesteko.


Izan ere, Udalaren ondare-ondasuna den eraikin horretan, 1932an egungo kokapenera aldatu zenean, kutxa eszenikoaren gainean behe-erliebe handi bat instalatu zen, lau artistaren erretratuekin: Pablo Sarasate, Julián Gayarre, Hilarión Eslava eta Emilio Arrieta, orduko musikari nafar ospetsuenei hiriak egindako omenaldi gisa. Elementu apaingarri hura gainerako dekorazio modernistarekin batera desagertu zen 1968an antzokiak su hartu zuenean.
Hiria bi musikariekiko gertu zegoela erakusteko beste froga bat izan zen, Iruñeak, 1883an, Hilarión Eslavarenaz gain, beren erretratuak Salustiano Asenjori –Valentziako Arte Ederretako eskolako zuzendaria orduan– enkargatu zizkiola. Lehenengo biak, egun, Udaletxeko harrera-aretoko programa piktorikoaren parte dira.

Julián Gayarreren bustoa
Bustoa Mariano Benlliure Gil (Valentzia 1862 – Madril 1947) artistaren obra da, eta, mukulu biribileko eskultura-lana da, brontzean egina, 1890ean. Errealismo handikoa, tenore nafarra bibotearekin eta bizar txiki batekin aurkezten du, garaiko trajeaz jantzita eta begirada sarkorrarekin. Oinarrian, brontzez egina ere eta eskulturaren atal gisa, ’La favorita’ operaren partituraren pentagrama batzuk ditu. Eskuineko aldean erramu bat dauka eta sorbaldaren gainean A. Creszensi Fuse burdinola italiarraren sinadura du inskribatuta. Eskulturaren neurriak 59 x 38 x 26,3 cm dira. Haren estiloak naturalismo xehea eta zehatza du ezaugarri, modelatze arineko bat-bateko inpresionismoaren kargak dituena.
Eskultorearen eta modeloaren arteko adiskidetasuna sendoa izan zen. Julián Gayarrek, interpretatu behar zituen lanak prestatzeko Erromara egiten zituen bidaietan, Italiako hiriburura lekualdatutako Espainiako koloniarekin harremanetan jarri zen, eta haien artean Espainiako hainbat artista bekadun zeuden Erromako Espainiako Etxean. 20 urteko aldea zuten arren, Julián Gayarreren eta Mariano Benlliureren –musikaria baino hogei urte gazteagoa– artean adiskidetasun handia sortu zen.
1882an, Gayarre eta Sarasate Erroman elkartu zirenean, han bizi ziren herrikideek omenaldi-afari handi bat antolatu zieten. Bertan, bi omenaldi-bilduma oparitu zizkieten, beraiek egindako pinturaz, marrazkiez eta partiturez osatuak. Album horietako bat Julián Gayarre Museoan gordetzen da, Erronkarin, lurperatu zuten mausoleoa dagoen herri berean, eta, bestea, Iruñeko Udal Artxiboan. Egun hauetan jatorrizko bi bildumak Madrilgo Historia Museoan ikusgai daude, Francisco Pradilla pintoreari buruzko erakusketa monografikoan.
Erronkariko tenorea 1889ko udan joan zen azkenekoz Erromara, eta egun batzuk igaro zituen “Marianitorekin” (hala deitzen zion bere lagun eskultoreari). Orduan egin zuen Benlliurek urtebete geroago brontzean galdatuko zen buztinezko bustoa. 1892tik 1925era bitarte (aldizka), obra Madrilgo Errege Antzokiko atondoan egon zen. Espazio eszeniko hori itxi ondoren, eskultoreak bustoa berreskuratu eta musikariaren iloba eta oinordekoei oparitu zien –Fernando eta María Herrero Gayarre–, eta haiek Fructuoso Orduna eskultorearen bitartez Udalari eman zioten 1944an. Urte bereko azaroaren 8an erregidoreek Gayarre antzokian instalatzea adostu zuten. Ekintza hori ez zen inoiz gauzatu, eta ordutik galdu arte pieza Pablo Sarasateren ondarean txertatu zen. Hainbat gorabeheren ondoren, ia zortzi hamarkada geroago eta Gayarre Antzokia fundazioari esker, Iruñeko herritarrek, bere omenez bere izena duen eraikin berean hurbiletik ikusteko aukera izanen dute.

Itzuli edukiaren hasierara