Buscador
Jardunaldiak
MERKATARITZAREN MUNDU EGUNAREN OSPAKIZUNA

SETEM Nafarroa, Alboan, Pueblos Hermanos, Intermon Oxfam eta ADSIS Fundazioak osatzen duten Iruñeko Bidezko Merkataritzako Patzuergoak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, Merkataritzaren Mundu Eguna ospatuko du maiatzaren 14an. Hainbat jarduera eginen dira karriketan eta autobus geltoki zaharreko Geltoki gunean maiatzaren 10, 12 eta 14an.
Maiatzaren 10ean (asteartea), 18:00etan, Geltokiko erabilera anitzeko aretoan inaguratuko da «Ahaldunduak. Bidezko Merkataritzako emakumeak», eta online hartuko dute parte Nikaraguako Aldea Global kooperatibako kideek.
Maiatzaren12an (osteguna), 18:00etan, Geltokin, bidezko merkataritzaren txokolate-dastatzea. Izen-emateak bit.ly/ChocolateGoxoGoxo helbidean.
Maiatzaren 14an (larunbata), Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunaren ospakizuna. Egun osoan zehar, Vínculo plazan, Sarasate pasealekuan eta Aduanako zokoan: GGKEen standak, manifestuaren irakurketa, marrazki-lehiaketa, ginkana, ihes-jokoa eta produktuen zozketa parte-hartzaileen artean…
Bidezko Merkataritza 60ko hamarkadan sortu zen “Trade, not aid / Merkataritza, ez laguntza” aldarrikapenarekin pobrezia eta desberdinkeria globalari aurre egiteko xedez. Emakume aurpegia du pobreziak. Gaur egun, egonkortutako merkataritza sistema da, eta baditu erakunde arauemaileak, erakunde egiaztatzaileak, 2000 ekoizpen-erakunde 75 herrialde baino gehiagotan, 500 erakunde banatzaile eta 4000 denda espezializatu baino gehiago.
Kalkuluen arabera, lurren jabe diren emakumeak % 13 bakarrik dira. Hala ere, garatzeko bidean dauden herrialdeetan nekazaritzako eskulanaren % 43 dira gutxi gorabehera. Afrikako iparraldean, esaterako, emakumeek ordainpeko 5 enpleguetatik 1 baino gutxiago lortzen dute nekazaritzaz kanpoko sektoreetan. Asian, batez beste, emakumeek gizonek baino % 70 aukera gutxiago dute lan-indarrera sartzeko, eta emakumeek mundu osoko enpresetako zuzendaritza batzordeetako postuen % 12 baino ez dute betetzen, eta % 24 goi-zuzendaritzan.
Bidezko Merkataritzak alderdi asko –ekologia, gizartea eta genero berdintasuna– hartzen dituzten balio etikoak gehitzen ditu, eta garapen jasangarria sustatzen du merkataritzan baldintza hobeak eskainita eta ekoizle eta langileen eskubideak bermatuta.