
LAS MUJERES PERFECTAS (THE STEPFORD WIVES)
- SANDUZELAIKO CIVIVOXA
- 18:00 - 20:30
Nafarroako Unibertsitateko Museoak “Planoa / Kontraplanoa. George Méliès, litekeenaren zinemagilea” zinema-zikloa programatu du eta bi emanaldi eginen dira azaroaren 4an eta 5ean, 19:00etan: Sistiagaren Encuentros 72, Pamplona dokumentalaren proiekzioa eta Mélièsen bost filmeren emanaldia, Asier Pugaren zuzeneko musikarekin. 1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren karietara egin da proposamen hau. Oraingoan, ZINEMA TOPAKETA batzuen bidez Topaketa haietako zinemaren espiritua berreskuratzen eta ikertzen da.
PROGRAMA
-AZAROAK 4, OSTEGUNA 19:00
José Antonio Sistiagaren Encuentros 72, Pamplona dokumentalaren emanaldia, Manuel Hidalgo kazetariaren zuzeneko iruzkinekin.
-AZAROAK 5, OSTIRALA 19:00
George Méliès, litekeenaren zinemagilea. Mélièsen bost filmeren emanaldia, Asier Pugaren zuzeneko musikarekin. Zuzendaria: George Méliès. Iraupena: 74 minutu. Sarrera, 3 € (Museoaren Lagunendako, doan).
1972ko Iruñeko Topaketen film-programazioaren barruan George Mélièsen (1861-1938) bost film eman zituzten Iruñeko Príncipe de Viana zinema-aretoan. Topaketen 50. urteurrena dela-eta, film mutu zoragarri haiek berreskuratu dira orain, Asier Puga orkestra-zuzendariaren zuzeneko musikarekin. Belaunaldi ezberdinetako lau konpositorek erabateko lau estreinaldi aurkeztuko dituzte Museoan zinemagile frantsesaren film dibertigarri eta irudimentsuak laguntzeko.
1972ko Topaketa haietan zinemagintza frantsesaren aitzindari hori –Lehen Mundu Gerrak zapuztu zuen bere filmografia– sartu zuten, izan ere, iragana orainarekin alderatzeko ideia hori Topaketen espirituaren oinarrian zegoen, eta uste osoa zuten zinema esperimentala –narratiboaz haratago– egin zitekeela.
George Sadoul zinema-kritikari eta historiagileak Méliès “zazpigarren arteko Giottoa” zela esan zuen, haren talentu berritzailea zela-eta. Efektu berezien aitatzat hartua, Mélièsen filmek –espiritu esploratzailekoak narrazioaz eta estetikaz bezainbatean, eta tonu ludikoarekin, eta batzuetan are txantxazalearekin– adierazten dute zinema, argiaren artea, prestidigitazio-laborategi baten antzekoa dela, zeinetan dena posible baita.
Haren filmetan aurkitzen ahal ditugu trukajeak, maketa-lanak, gainesposizioak, itzaltzeak, baita kolorea ere, eskuz zeluloidean zuzenean margotua. Irudiarekin eta teknikarekin egindako ikerketa guzti horrek agerian jartzen du muntaketa- eta edizio-lana zinematografia-artearen erabateko oinarriak direla, eta Méliès elkartzen du maila handiko geroko“film-esperimentatzaile” batzuekin, hala nola Buñuel, Gelabert, Man Ray, Aguirre edo Sistiagarekin.
Filmak:
Le voyage dans la lune, (1902). 14′
Fabià Santcovskyk (1989) konposatutako musika txirula, klarinete, biolin, biolontxelo eta elektronikorako. Erabateko estreinaldia.
Le royaume des fées (1903) 16’
Carolina Cerezok (1993) konposatutako musika, txirula, klarinete, biolin, biolontxelo eta elektronikarako. Erabateko estreinaldia.
Le melómane (1903). 3′
Zuriñe F. Gerenabarrenak (1965) elektronikarako konposatutako musika. Erabateko estreinaldia.
Le voyage à traves l’impossible (1904). 24’
XX. mende hasierako musika frantsesa, Miguel Matamorok moldatua txirula, klarinete, biolin, biolontxelo eta pianorako.
Les quatres-cents farces du diable (1906) 17’
Sergio Blardonyk (1965) konposatutako musika txirula, klarinete, biolin, biolontxelo eta elektronikarako. Erabateko estreinaldia.
Emanaldi hau 72-22ko Iruñeko Topaketetako egutegiaren parte da. Kultura-ekitaldi horrek kultur erakunde asko bildu ditu, eta bakoitzak bere ikuspegia ematen du 1972ko Iruñeko Topaketa originalen –Huarte familiak sustatu zituen, eta ALEA Taldeak antolatu, zeinaren partaide baitzen Alexanco– 50. urteurrenaren inguruan.