Buscador
Dokumentala
DOKUMENTAL ‘IRRINTZIAREN OIHARTZUNAK’

DOKUMENTAL ‘IRRINTZIAREN OIHARTZUNAK’. Kondestablearen Jauregiak ‘IRRINTZIAREN OIHARTZUNAK’ dokumental proiekzioa hartzen du, martxoaren 1an, asteartearekin, 19:30ean. Hizkuntza: Euskara. Zuzendaria: Iratxe Fresneda. Ekoizpena: Pimpinela Produkzioak. Aurkezlea: Iratxe Fresneda. Antolatzaileak: Iruñako Udala eta Nafar Ateneoa.
Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia da dokumental honek jasotzen duena. Mirentxu Loyarte euskarazko filme bat errodatu duen lehen emakumea izateaz gain (‘Euskal emakumeak’ izenburua duena) Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzuna; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.
Iratxe Fresneda Delgado Ikus-entzunezkoen Komunikazioa Doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezkoen Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea.
“Emakumearen estereotipoak Lars von Trier-en zinema-lanetan. Medea. Breaking the waves. The idiots. Dancer in the dark. Dogville” bere doktore-tesiak Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa eta Zientzia Politika Sailaren beka eskuratu zuen. Renoko (AEB) University of Nevada unibertsitateko eta Suediako Lund University unibertsitateko Film Studies Saileko irakasle bisitaria izan da. EHUko ‘Ikasketa Feministak eta Generokoak’ Masterrean irakasle da eta RIVIC sareko kide (Red Interdisciplinar Internacional sobre las Verdades de la Imagen Hispánica Contemporánea). Radio Euskadi (EITB) irratiko hainbat programa kulturalen zuzendaria eta gidoilaria da, Gara eta Bilbao egunkarietako zutabegilea eta, gaur egun, komunikabide, zinemagile eta zinemarekin lotutako organismo anitzekin kolaboratzen du.