
BERMUTEAN IRUÑEAN BARNA
- IRUÑEKO AUZOETAN
- 12:15 Y 13:30
Salduta daude jada sarrera guztiak El Kankak irailaren 17an, Ziudadelan, 21:30ean, ‘Gauak Ziudadelan’ zikloaren barruan emanen duen kontzerturako.
Juan Gómez Canca (Málaga, Espainia, 1982), El Kanka gisara ezagunagoa, kantautore, konpositore eta musikaria da; duela 15 urte baino gehiago hasi zen musikaren mundura hurbiltzen bere jaioterrian, Málagan, ekonomia eta filosofia ikasketak kontserbatoriokoekin uztartzen ari zelarik. 2007an, “Doctor Desastre” eta “T de Trapo” taldeetan buru aritu eta gero, heldu zion bakarkako ibilbideari, “El Kanka” egungo proiektuaren bidez: fusio bereziko estilo bat, era askotako estiloak nahasten dituzten abestiak sortuz, heldutasun handiz eta letretan eguneroko ironia-kutsu nabarmenaz blaiturik.
2013an, lehen diskoa kaleratu zuen, “Lo mal que estoy y lo poco que me quejo”, non 8 urte lehenago konposatzen hasitako kanta arrakastatsuak bildu zituen. 2018an, “El arte de saltar” kaleratu zuen, bere diskorik sarituena orain arte, izan ere, zuzenean sartu zen 1. postuan salmenta digitalen zerrendetan eta 6.ean salmenta fisikoetan. Disko horrekin, A Volar Music bere zigilu diskografikoa estreinatu zuen, eta gero bertan segitu du autoeditatzen bere disko guztiak.
Bigarren urtez jarraian, ‘Gauak Ziudadelan’ zikloaren eskutik, munta handiko kontzertuak izanen dira udako gauetan, ekainaren amaieratik irailaren erdialdera arte, publiko eta musika estilo ezberdinentzako hitzorduak proposatuz. Dena antolatuta dago koronabirusaren pandemiagatik ezarritako egungo segurtasun eta higiene araudien arabera, eta edukiera eta segurtasun-distantziak kontrolatuta.
Sarrerak www.pamplonaescultura.es Kulturako udal-webgunean hartzen ahalko dira. Aurten berriz ere, Iruñeko Udalak musikaren eta kulturaren sektoreari lagunduko dio, batez ere bertakoari, urte zail honetan, koronabirusaren krisiak eragindako egoera latzaren ondoren.