Argitalpena

Encuentros 1972 Pamplona. Una revisión en perspectiva

Aurkeztu berri den ‘Encuentros 1972 Pamplona. Una revisión en perspectiva’ liburuak 50 urte bete dituen hitzordu historiko horren testuinguruan, jatorrian, protagonistetan eta ondorioetan sakontzen du. Silvia D. Sábada egileak 72ko Topaketak bere testuinguruan kokatu eta apurtzailea eta berritzailea izan zen gertakari horren garrantzia aldarrikatzen du.

Topaketak bi urtez behingo jaialdi gisa sortu ziren, arte apurtzaileenarekin eta berritzaileenarekin egindako hitzordu gisa, kalera ere iritsiko zen diziplina anitzeko ekitaldi modura. 1972ko Iruñeko Topaketak Huarte familiak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Foru Diputazioak antolatu zituzten, ekainaren 26tik uztailaren 3ra, eta mundu osoko 300 artista baino gehiago ekarri zituzten hirira. ‘Encuentros 1972 Pamplona. Una revisión en perspectiva’ liburuan, topaketa horien jatorria, testuingurua, programa eta eragina aztertzen dira.

Argitalpenak 200 orrialde baino gehiago ditu eta zortzi ataletan banatuta dago. Atal horietan, topaketen abiapuntua, herrialdearen 70eko hamarkadako egoera, ekitaldien programa, legatua, sustatzaileak edo antzeko arte-jaialdien nazioarteko testuingurua bezalako alderdiak berrikusten dira. Gainera, dokumentazio bibliografikoa, hemerografia, ikus-entzunezko baliabideen aipamenak eta zenbait eranskin ere baditu, gutunak, artikuluak edo bere garaian Topaketak egiteko erregistratutako eskaerak biltzen dituztenak. Programazioko ekitaldiak iragartzen dituzten sei kartel ere jasotzen ditu, formatu zabalgarrian, Aleak 1972an argitaratutako Iruñeko Topaketen jatorrizko katalogoaren omenez.

Iruñeko Udalak argitalpen honen 400 ale argitaratu ditu, eta azarotik eskuratzen ahalko dira liburu-dendetan. Prezioa 15 eurokoa izanen da; horren asmoa da ahalik eta interesdun gehienek eskuratu ahal izatea eta 1972ko Iruñeko Topaketak hedatzen jarraitzea.

72ko Topaketei buruzko doktore-tesia
Liburuak Francisco Javier Zubiaur jaunak zuzendu zuen eta egileak Nafarroako Unibertsitatean 2013an defendatu zuen doktore-tesian du jatorria. Urte batzuk lehenago, Silvia D. Sábadak erabaki zuen 1972ko Iruñeko Topaketak izanen zirela bere tesiaren gai nagusia, eta deigarriena egin zitzaiona zera izan zen,: topaketei buruz ezagutzen zen informazioa zein urria eta azalekoa zen. Topaketen testuingurua, Huarte familiaren mezenasgoa edo antzeko ezaugarriak edo espiritua zuten beste jaialdi batzuetan erreferenteak bilatzea hartu zituen ikerketaren ardatz.

Tesian zein aurrerago idatzi eta eguneratutako liburu honetan, topaketak zein ingurune ekonomiko, politiko eta sozialetan gauzatu ziren kokatzeko ahalegina egin du, horrek eragin erabakigarria izan baitzuten haien bilakaeran. Gogora ekartzen ditu, halaber, topaketak egin zirenean herrialde horretako baldintza historiko eta kultural zehatzak zein ziren, zein helbururekin antolatu ziren, zer iturritara jo zuten ekimena taxutzeko eta utzi zuten arrastoa tokiko, nazioko eta nazioarteko arteaz bezainbatean.

1972ko Iruñeko Topaketak egin zirenetik berrogeita hamar urte igaro diren honetan, haien ondorengo azterketa eta aintzatespenak hazten joan dira, eta abangoardiako hitzordu artistiko eta kultural haren garrantzia kontuan hartzen. 72ko Topaketa haiek –70eko hamarkadan bertan eten zirenak, bi urtean behingo hitzordu gisa sortu baziren ere edizio bakarra egin baitzen–, 2022ko urteurrenera iritsi dira, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako askotariko programa bati esker, 2009an Reina Sofía Arte Gunearen Nazio Museoan eta Nafarroako hainbat aretotan antolatutako erakusketa ibiltarietatik igaro ondoren.

Egileari buruz
Silvia D. Sábada (Iruña, 1980) Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako lizentziaduna da, eta Nafarroako Unibertsitateko Artearen Historiako doktorea. Tasazio-ikastaroak eta arte-merkatuari buruzko ikastaroak eginez osatu zuen bere prestakuntza, eta bere ibilbide profesionala arte garaikideko galeria eta museoetan garatu zuen, hala nola Gasteizko Artium Museoan edo Gustavo de Maeztu museoan. Ikerketa-taldeetan parte hartu du, eta arte-gaiei buruzko artikuluak argitaratu ditu. Erakusketen komisariotzarekin eta irakaskuntzarekin uztartu du lan hori. Aurten, Iruñeko Topaketen urteurrena dela eta, Sábadak ’50 años después. Inmersión en los Encuentros de Pamplona 1972’ erakusketaren komisariotza egin du Nafarroako Museoan. Erakusketa otsailaren 26ra arte egonen da ikusgai.

2017an, Mikel Calvokin batera, Iruñeko Udalak komisario gazteei zuzendutako ‘Ber – ikusketak / Begirada berriak Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumari’ izeneko deialdian hautatua izan zen ‘Udal-bildumaren irakurketa naturalak’ proiektuko komisario izan zen. ‘Udal-bildumaren irakurketa naturalak’ proiektuak ibilbide bat proposatzen zuen gizakiak historiaren joanean mundu naturalarekin izan duen harremanean barna, Udalaren beraren Arte Garaikidearen Bildumako lanen bitartez.

Liburua liburu dendetan dago salgai eta laster Ziudadelan eta Civivox Condestable-n ere egongo da eskuragarri, 15 euroren truke.

Itzuli edukiaren hasierara