ERAKUSTALDIA

1972-2022ko IRUÑEKO TOPAKETAK

2022/06/24 - 2022/07/03
11:30 a 14:30 y de 18:30 a 21:30

1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren ospakizuna ekainaren 24an hasiko da Ziudadelan bideoartisten proiekzioekin. Ekainaren 24tik uztailaren 3ra, Ziudadelan ikusgai izanen da munduko bideosortzaile nabarmenen artean dauden bost egileren lana, ‘(Bir) Topaketak Ziudadelan: bost begirada garaikide bideoarteari’ erakusketa-kapsulan.

Nafarroak kultura, arte eta hausnarketari buruzko nazioarteko topaketa handi bat eginen du 1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenaren karietara. Bertan, mundu garaikidearen erronkei helduko zaie pentsamenduaren, arteen, literaturaren, musikaren, zinemaren eta munduko pertsonaia garrantzitsuenekin izandako elkarrizketaren bidez.  Diziplina anitzeko ekitaldi handi hori bereziki urriaren 6tik 18ra eginen da, urtean zehar askotariko proposamenak izanen baditu ere. Horietako lehena, ekainaren 24an, 1972ko topaketak hasi ziren egun berean, Ziudadelan eginen da. Iruñeko Udalak antolatutako proposamen artistikoa da. Bertan nazioarteko hainbat artista garaikideren bideoak egonen dira ikusgai, zeinetan estetikarekin, performancearekin eta animazioarekin jolasten baitira. Erakusketaren ordutegia 11:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era da, ekainaren 24tik uztailaren 3ra, egun hori barne.

Egun horietan Ziudadelatik igarotzen diren pertsona guztiek arlo bera –bideosormena– bost modutan irudikatzen duten bost artistaren lanarekin “eginen dute topo”. Horiek guztiek zalantzan jartzen dituzte diskurtso artistiko garaikidean oso nabarmenak diren gaiak, hala nola jasangarritasuna eta ingurumena, Natalie Karpushenko Kazakhstango argazkilariaren kasuan; Adimen Artifiziala, Mario Klingemann alemaniarraren kasuan; norberaren identitatea, zeina Filip Custic hispano-kroaziarrak bi ikuspegi desberdinetatik jorratzen baitu; Chino Moya madrildarrak planteatzen duen gizarte garaikidearen bilakaera, eta forma puruen sentimendu positiboak, Kantabriako Juan Díaz-Faesen eskutik.

BIDEOARTISTAK – IRUÑEKO TOPAKETAK

MARIO KLINGEMANN

Klingemannen lanak artearen eta sormenaren giza pertzepzioa du ardatz. Nazioartean ezaguna da artean adimen artifiziala, sare neuronalak eta ikaskuntza automatikoa sartu izanagatik, eta haren lana ustekabeko irudiak sortzen dituzten algoritmoen bidez garatzen da. Klingemannek makina-ereduak sortzen ditu, hainbat datu-tarte eta datu-mota sartu ondoren, modu autonomoan irudi berriak sortzen dituztenak. Horri AI Art izena eman zaio. Bere lana ikusgai egon da New Yorkeko MOMAn eta Metropolitan Museum of Arten, San Petersburgoko Hermitage museoan eta Pariseko Pompidou zentroan, eta hainbat sari jaso ditu, hala nola British Library Labs Artistic Award 2016an eta Lumen Prize Gold Award 2018an.

NATALIE KARPUSHENKO

Artista, argazkilaria eta ingurumenaren defendatzailea, bere lanak naturaren edertasuna harrapatzen du. Sormen-ardatz ditu giza irudia eta ingurunea, batez ere uretakoa, eta horiek lotzen saiatzen da ingurumen-mezu argi baten bidez. Bere argazkiak eta bideo-sorkuntzak edertasun biribil eta poetiko baten kontzeptu estetiko klasikoagatik nabarmentzen dira: “Nire lana mundu naturalarekin berriz konektatzeko desioaren emaitza da –bereziki, uraren bidez, denon sorburu den elementua–. Nire artea ere mugimendu bat da, planetaren eta pertsonen zaintzari buruzko iritzia eta grina mugiarazteko.

JUAN DÍAZ-FAES
Oviedon jaio zen artista grafiko hau ezaguna da ironia eta umorea forma puru geometrikoekin nahasten dituelako bere lanetan, non mekanikoa denarekiko eta errepikapenarekiko interesa erakusten duen. Hauek dira haren lanak zeharkatzen dituzten ildoak: formak eta geometria, ereduak eta espazioaren erabilera, kolorea edo kolore-eza, eta, batez ere, errealitatearen ikuspegi baikorra eta hura kutsatzeko nahia. Artistaren horma-irudiak hainbat hiritan aurki daitezke, hala nola Miamin, Austinen, Guangshoun, Uruguain, Madrilen eta Santanderren, eta bakarkako erakusketak egin ditu hainbat zentrotan, Pariseko Point Éphéméren eta Madrilgo Conde Duquen, adibidez; eta erakusketa kolektiboetan parte hartu du Bartzelonan, Taipein eta Hamburgon, eta Espacio SOLO museoko ‘Still Human’ erakusketan (Madril).

FILIP CUSTIC

Artista hispano-kroaziarra Espainiako sorkuntza garaikide berriaren ahots internazional eta nabarmenetako bat da. Haren lanaren protagonista giza gorputza da, eta misterioz, surrealismoz, onirismoz eta garaikidetasunez betetako kutsu batean bilduta aurkezten du, zeinak begiratzen duenarengan erantzun bat sortu nahi baitu. Bere ikerketak hainbat arte uztartzen ditu, hala nola argazkigintza, bideosormena, performancea eta eskultura, errealitatearen eta irrealtasunaren arteko hesiak eraisten dituzten koadro birtualen sorta bat sortuz. Artistaren lanak ikusgai egon dira César Manrique Fundazioan (Lanzarote), La Térmican (Malaga), Caixa Forumen (Bartzelona), James Fuentes Galleryn (New York), Les Rencontres d’Arlesen (Arles) eta Kultur Zentro Espainiarrean (Montevideo), eta epaimahaikidea ere izan da Thyssen-Bornemisza Museo Nazionaleko 2019ko Versiona Thyssen lehiaketan. Halaber, nazioarteko hainbat artistarekin aritu da, hala nola Lil Nas X-rekin ‘Montero (Call Me Your Name)’ singlearen azala eginez, edo “El mal querer” diskoaren artea eginez. Disko horri esker Rosalia nazioartean ezaguna egin zen eta diseinu onenaren Grammy Latinoa irabazi zuen.

CHINO MOYA

Londresen bizi den artista madrildar honek planteatzen duen mundu distopikoak sortzen duen erakarpenak hainbat artista liluratu ditu, St Vincent adibidez, zeinarekin batera ‘Digital Witness’ bideoklipan aritu baitzen 2014an. Rolling Stones aldizkariaren arabera, hura urteko 10 onenen artean dago. Moyak bere lanean hausnarketa bat proposatzen du, huts egindako gizarte-ereduen eta giza izaera beraren inguruan. Brutalismo arkitektonikoa, eremu postindustrialak eta arkitektura errenazentista baliatzen ditu adin ertaineko pertsonaia misteriotsuen erretratuak aurkezteko, zeinak ageriko helbururik gabeko hainbat ekintza errepikatzen baitituzte, makinen antzera. Moyaren obran loturak aurki ditzakegu 80ko hamarkadako zientzia-fikziozko komikiekin edo B serieko filmekin.

Itzuli edukiaren hasierara