Festak eta folklorea

SAN SATURNINO IRUÑEKO ZAINDARIAREN EGUNA

UDALEKO PLAZA - SAN SATURNINO ELIZA
2021/11/29
A partir de las 9:30

Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Gaiteroak eta Txistulariak, eta La Pamplonesa Musika Banda, Udal Korporazioarekin batera joango dira San Saturninoko prozesioan, azaroaren 29an.

Konpartsak 9:30ean hasiko du ibilbidea, Autobus Geltokitik. Tadeo Amorenaren erraldoi eta kilikiak, buruhandi eta zaldikoak, musikariekin batera Udaletxe plazarantz abiatuko dira, honako ibilbidean: Bake plaza, Yanguas y Miranda kalea, García Ximénez kalea, San Ignacio etorbidea, Sarasate Pasealekua, Gazteluko plaza, Txapitela eta Mercaderes. Azkenik, Udaletxera iritsiko dira segizio ofizialarekin bat egiteko.

Udal korporazioaren Ibilbidea 10:05ean hasiko da, eta Udalbatza San Zernin elizara abiatuko da Buruhandien konpartsarekin, eta atzetik kilikiak, buruhandiak eta zaldikoak joanen zaizkie. Gero, segizioa San Zernin kalean eta kale Nagusian, Arazuri doktorearen pasealekuan eta kale Berrian barna ibiliko da, eta gero San Zerninera itzuliko da. San Zerninetik Udaletxera itzuliko da Udalbatza, 12:15etan gutxi gorabehera. Tradizioari jarraituz, une horretan Konpartsak eta Duguna udal-dantzarien taldeak dantza eginen dute Udaletxe plazan, ekitaldiari amaiera emateko.

Aurreikusitakoaren arabera, prozesioaren ondoren Erraldoi eta buruhandien Konpartsak honako ibilbidea eginen du: Mercaderes kalea, Txapitela kalea, Gazteluko plaza, Carlos III etorbidea, Roncesvalles etorbidea, Garcia Ximenez, eta Tutera kaleak, Oliveto kondearen etorbidea, Bake plaza eta Autobus geltokia.

Arratsaldez, ohikoa denez, La Pamplonesa udal-bandak urteko egun honetako ospakizuna dela-eta Gayarre Antzokian egiten duen kontzertua izanen da, betiere hiriko zaindariaren eguna ospatzeko ekitaldien programaren barruan. Bandak, Andrea Jiménez sopranoarekin batera, Zarzuela arratsaldea izeneko saioa emanen du, 20:00etan, J. Vicent Egearen zuzendaritzapean. Kontzertu hau azaroaren 28an ere eginen da, 20:00etan, Gayarre Antzokian. Bi saioetarako sarrerak salgai daude Antzokiko lehiatilan eta webgunean (www.teatrogayarre.com).

Frantses jatorriko San Saturninori egiten zaion gurtza Donejakue bideko erromesek ekarri zuten erdi aroko San Zernin burguraino, eta burguak santu eta martiri horri eskaini zion bertako parrokia, haren izenpean jarri baitzuten bertako tenplu gotikoa. Santuaren inguruko ospakizuna Erdi Arotik dokumentaturik dago Katedralean eta parrokian bertan, bere elizkizunekin. San Saturninori sagaratzeko botoa Udalbatzak onetsi zuen 1611ko azaroaren 26an, kontuan harturik Santua herritarren artean erabat erroturik zegoela eta tradizioaren arabera martiri kristau horrek lan ebanjelizatzaile handia egin zuela Nafarroako hiriburuan. Urte asko geroago, Iruñeko zaindari bihurtu zen.

Itzuli edukiaren hasierara