
LA RISA LISTA. SOLO ÉXITOS. LA PRADOS
- KONDESTABLE CIVIVOXA
- 20:00 - 21:30
Heldu den ekainaren 25ean, larunbatarekin, Kondestable Civivoxean Maker komunitatearen lehen ekitaldia eginen da 3D inprimagailuekin, komunitate horretako kideek eta Iruñeko Udaleko Kulturako Alorrak antolatuta. Egunean zehar hainbat jarduera eginen dira: batzarrak, hitzaldiak, erakustaldiak eta lehiaketak… Eta horrez gain, errege europarraren erraldoia eraikiko dute 3Dn inprimatuta. Egun osoan zehar, eta ekitaldiaren ardatz gisa, Iruñeko erraldoien eta buruhandien konpartsako errege europarra eraikiko dute tamaina errealean 3Dn inprimatuta. Erregea boluntarioek eraikiko dute, Nafarroako zein herrialdeko beste erabiltzaile batzuek inprimatutako 600 pieza baino gehiagorekin, eta osorik ikusten ahalko da 19:00etan.
Programa jende orori, inprimagailuen jabeei eta 3D inprimagailuen munduan interesa dutenei zuzendua dago. Aurten, Kondestable Civivoxeko beste jarduera batzuekin bat eginez, gaia sanferminak dira. Jardueretarako sarrera librea da, leku guztiak bete arte.
Goizez 4 jarduera eginen dira:
11:00 Overland García. MH maker Help GKE
MH MAKER Help behartsuei laguntzeko konpromisoa duen erakundea da, eta baldintza justu eta bidezkoen alde agertzen da. GKE horrek 3D inprimaketa erabiltzen du osasun-ingurunerako, eta arazo ekonomikoak zein familia-arazoak dituzten haurrei zuzendutako protesiak fabrikatzen ditu.
11:45 Inés Gurbindo eta Aitor Berraondo. ArtMonite
Artearen bi historialariren proiektua da, eskultura publiko zabalari helarazteko asmoarekin. ArtMonite galeria birtual gisa sortu zen, non egile ospetsuen eta munduko askotariko kulturetako eskulturak erakusten baitira. Bien artean azalduko dute nola erabili daitekeen 3D inprimaketa arkitekturan, ondarean eta artean.
12:30 Bizitzak salbatzen dituzten sehaskak haurtxoendako. 3D inprimaketa behartsuenen zerbitzura. Juan Alfonso. Salesianos Pamplona, IN3 eta Ayuda Contenedores
Sehaska klimatikoen proiektua 2020ko ekainean sortu zen, pandemian zehar Respiradores Navarra Covid19 (RNC19) ekimenaren ereduak suspertuta.
Munduan 2,5 milioi haur baino gehiago hiltzen dira urtero. Ia erdiak haien bizitzako lehen hilabetean hiltzen dira. Txirotutako herrialdeetan ume goiztiarra izatea heriotza-zigor bat izan ez dadin sortu ziren sehaska klimatiko solidarioak. Inkubagailu sofistikatu eta garestien alternatiba merkea dira, Espainiako salestarren zortzi ikastetxetan ekoiztuak.
13:15 Patxi Larumbe. COCUUS
Cocuus konpainia teknologikoa da, eta xede du elikaduraren esparruan iraultza eragitea industriarendako disruptibo eta desberdintzaileak diren, kontsumitzaileendako erakargarriak eta osasungarriak diren eta ingurugiroarendako jasangarriak diren konponbideen bidez.
Nafarroan punta-puntakoa den enpresa honek industria-konponbideak garatzen ditu oinarri begetala zein zelularra duten animalia-proteinaren analogoak (mimetic food) ekoizteko, 2D/3Dko laser inprimaketaren, bioinprimaketaren eta robotikaren bidez.
3Dn inprimatzeko lantegiak
Goizez eta arratsaldez 6 eta 14 urte bitarteko haurrendako bi lantegi eginen dira, 3D inprimaketa txikienei gerturatzeko xedez. Edukia honako hau izanen da: 3D inprimagailuen aukerak azaltzea, piezak diseinatzeko prozesua ezagutzea, inprimaketa prestatzea eta 3D inprimaketako boligrafoekin praktikak egitea. Antzekoak izanen diren bi lantegi horiek 11:00etan eta 17:00etan eginen dira, 20 lagunendako lekuarekin talde bakoitzean. Aurrez nahitaez izena eman behar da webgune honetako formularioaren bidez: https://www.navarmaker3d.es/inscribete/
Erakusketa eta lehiaketak
Egun osoan zehar 3Dn inprimatutako tresnen eta piezen erakusketa ikusgai egonen da bigarren solairuan, bisitariek makina horiekin egindako produktu amaituak ezagut ditzaten. Nafarroako 3D Maker komunitateko kideek lagatu dituzte ikusgai egonen diren piezak, eta lehiaketa bat eginen da hainbat kategoria saritzeko, hala nola postprozesaturik onena, diseinurik onena eta erabilgarritasun praktikorik handiena.
3D parte-hartzaileendako erronka eta jarduerak
Maker komunitateko parte-hartzaileek, lantegi eta hitzaldietan parte hartzeaz gain, 3D inprimaketako erakustaldia eginen dute arratsaldean beheko solairuan, antolatzaileek proposatutako piezak inprimatzen. Aurreikuspenen arabera, ekitaldia 19:00etan amaituko da, sari-banaketarekin eta 3Dn inprimatutako errege europarraren erraldoiaren eta jatorrizkoaren presentziarekin, konpartsako beste kideren batekin batera.
Argibide gehiago eta izen-emateak, webgune honetan: https://www.navarmaker3d.es/
Udalaz gain, honako hauek parte hartu eta laguntzen dute topaketa honetan: Innovaland 3D, ArtMonite, Cocuus, Salesianos Pamplona, Ebanisteria Berian, IN3, Ayuda contenedores, MH Maker Help GKE eta Mahor.