Hitzaldia

JOSE MIGUEL DE PRADA POOLE: LA ARQUITECTURA PERECEDERA DE LAS POMPAS DE JABÓN

ZIUDADELAKO MISTOEN PABILOIKO BEHEKO SOLAIRUA
2022/11/15
19:00

ZIUDADELAKO MISTOEN ERAIKINEKO BEHEKO SOLAIRUA. AZAROAK 15. 19:00. ANTONIO COBOREN HITZALDIA: JOSE MIGUEL DE PRADA POOLE: LA ARQUITECTURA PERECEDERA DE LAS POMPAS DE JABÓN

José Miguel de Prada Poole: la arquitectura perecedera de las pompas de jabón izenburuko hitzaldiak –Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Isidoro Valcárcel Medinaren “Arkitektura goiztiarrak” erakusketaren parte gisara antolatuak– agerian utzi nahi du egile benetan berezi baten izaera begitazioduna eta haren garairako dezente aurreratua, ezen haren lan ibilbidean zehar artea eta zientzia, errealitatea eta utopia, oraina eta geroa uztartzea lortu baitzuen bere proiektuetan. Izan ere, Prada Poole arkitektoa gizarte- eta ingurumen-aldaketetara egokitzeko erakutsi zuen borondateagatik gailendu zen, aldi baterako proiektu arkitektonikoak sortu baitzituen, unean uneko beharrei erantzuteko eta haien zerbitzura jartzeko, modu malgu eta moldakorrean, natur baliabide eta energia-gastuekiko sentikortasun handia erakutsiz, egun ere gaur-gaurkoak diren irizpideei eutsita.

Lehenbiziko proiektuetatik, Prada Poolek iragarle gisara ulertu zuen arkitektura, halako errealitate gero eta likidoago zein ezegonkorragoari erantzun beharrez. Etorkizuneko zenbait ikuspegi, berez, etengabe islatu ziren haren proiektuetan, batzuetan «fikziozko arkitektura» bihurtuta; izan ere, horiek diseinatzerakoan arrazoizko eran espekulatu zuen aurrerapen zientifiko, tekniko edo sozialei buruz.

José Miguelek berak El Urogallo aldizkariaren zenbaki berezi batean –«hiria» aztergai hartuta– idatzi eta 1974an argitaratutako artikulu batera garamatza hitzaldiaren izenburuak; izan ere, bertan eman zuen bere lanaren oinarrien berri, hiria eraikitzeko erabilitako materialek haren iraupenaren behin-behinekotasunaren dimentsioa ematen duten arkitektura baten alde: horregatik, bada, nahiago zuen galkor terminoa iragankor baino gehiago (arkitekturaren esparruan erabiliagoa baita behin-behineko eraikuntzak aipatzeko). Iragankorrak ez du luze irauten; galkorra desagertu egiten da hari forma ematen dion materia desagertzearekin batera.

Prada Pooleren testuak, orobat, zenbait arrazoi ematen zituen azaltzeko zergatik hiri-antolamendua zurrunegia den hiri tradizionalean. Haren aburuz, hiriko egitura ekonomikoek eta sozialek «gehiegi iraunarazten dute» antolamendu hori eta, horregatik, hiria ez da gauza eskaera gero eta berriago eta aldakorragoetara egokitzeko.

Premisa horretatik abiatuta, zeinak hiria egituratzen duten faktoreak eta eraikinak barne hartzen baititu, Prada Poolek kontakizun bat eraiki zuen etorkizuneko hiriari buruz, «existitzen ez den arkitekturaren hiru koskak» deiturikoaren bidez. Deskribapen horretan, hiri tradizionala hiri inmaterial bihurtzeraino aldatuko litzateke, elkarren segidako hainbat itxuraldaketaren bidez, eta apar-metaketek –«beharren arabera multzokatuz eta bereiziz, orain agertuz, orain desagertuz»– eraikin solidoak ordeztuko lituzkete. Eraikin bakoitza «burbuila» bilakatuko litzateke, eta baldintza fisikoek eta atmosferikoek zehaztuko lukete hura, geroan zer erabilera izan eta horren arabera. Ordura arte ezagutzen genuen hiria «olatu kitzikagarriek zeharkatutako errealitate immaterial batek» ordeztuko luke. Hiri horrek –desagerkor eta itxuragabea izaki– kimera ematen ahal du, baina printzipio-adierazpena da ororen gainetik.

Antonio Cobo Arévalo (Alcaudete, Jaén, 1980) irakasle titularra eta departamentuburua da Madrilgo Diseinuko Goi Eskolako (ESDMadril) Diseinuaren Zientziako, Materialetako eta Tekniketako Departamentuan, eta irakaslea Madrilgo Carlos III.aren Unibertsitateko eta Arte Ederren Zirkuluko (UC3M-CBA) Arte eta Lanbide Artistikoetako Prestakuntza Iraunkorraren Masterrean. Erromako Unibertsitatean (Sapienza) eta Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan (UPM) osatu zituen arkitektura-ikasketak, eta azken horretan eskuratu zuen Arkitektura-Proiektu Aurreratuetako Masterra. José Miguel de Prada Poole arkitektoaren artxiboan egin zituen ikerlanek bidea eman zioten “La Arquitectura Perecedera de las Pompas de Jabón” erakusketa egiteko, Sevillako Arte Garaikideko Andaluziar Zentroan (CAAC) eta, geroago, Gaztela eta Leóngo Arte Garaikideko Museoan (MSAC), 2019ko martxotik 2020ko urtarrilera. Pneumatic Serendipity proiektu pedagogikoa haren ikerlanen parte bat da eta egitura pneumatikoen prototipoen diseinuan oinarritutako tresna gisara proposatzen du. Ekimen horren bultzatzailea baita, irakasle gonbidatua izan da eta hitzaldiak eman ditu Madril (UPM), Alacant (UA), Ambato (UTA) eta Ahrhuseko (AAA) arkitektura-eskoletan, besteak beste. Artista gisara, hainbat proiektu garatu ditu espazio- eta atmosfera-kontzeptuak gogoetagai hartuta eta airea, argia zein usaina bere lanaren oinarrizko immaterialtzat edukita.

EHAE-ren esteka: Sakatu hemen.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara