Antzerkia

LA COLOPENDA HISTORIA DEL GRUPO DE TEATRO EL LEBREL BLANCO

KONDESTABLE CIVIVOXA ETA GAYARRE ANTZOKIA
2022/03/28 - 2022/04/10

Udalak ‘El Lebrel Blanco’ antzerki-taldearen historia biltzen duen liburu bat argitaratu du taldearen berrogeita hamargarren urteurrenean. Hemezortzi urteko ibilbidean 46 muntaia antzeztuta, erreferentzia historikotzat jotzen da Iruñeko antzerkigintzan. Iruñeko liburu-dendetan 12 euroren truke eskuratzen ahalko den lanak hiriko arte horren erreferentzia historikotzat jotzen den taldearen ibilbidea laburtzen du. Taldea 1972an sortu zen, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, eta 18 urteko ibilbidean, guztira, 46 muntaia taularatu zituen.
‘La colopenda historia del grupo de teatro El Lebrel Blanco’ lanak laburbiltzen du 1972ko otsailean Nafarroako eszenako hiru pertsona ospetsuren gidaritzapean (Valentín Redín, Eduardo Bayona eta María Sagrario Domeño) emanaldi publikoak egiten hasi zen talde baten 18 urteko ibilbidea. 1988an, azken lana estreinatuta, El Lebrel Blanco taldeak askotariko lanak eta emanaldiak batu zituen: 26, helduei zuzenduta; 19, familiei zuzenduta, eta beste bat, gazteendako pentsatuta. Guztira, 39 titulu ezberdin eskaini zizkieten ikusleei; izan ere, hiru lan berriz eman zituzten hainbatetan, eta beste bi, berriz muntatu zituzten eszenaratze ezberdinarekin.
Udalak orain argitaratu duen bilduma-liburuak mila agiri grafiko baino gehiago barne hartzen ditu 400 orrialdetan. Halaber, muntaien zerrenda osoa eskaintzen du, noiz eta non estreinatu ziren eta historian zehar haren muntaietan parte hartu zuten ia 300 pertsonen izenen zerrenda adierazita.
Lan hori hainbat artxibo eta hemerotekatan bi urtez egindako ikerketaren emaitza da, baita Víctor Iriarte egileak epe horretan egindako hogei bat elkarrizketena ere. Horrez gain, hainbat idatzizko komunikabidetan argitaratuko ehun antzerki-kritika baino gehiago barne hartzen ditu muntaiei buruzko iritziekin, eta horrek aukera ematen dio irakurleari bere garaian izan zuen inpaktuaren gaineko ideia zehatza egiteko.
‘El Lebrel Blanco’, antzerkiaren bilakaeraren erreferentzia Iruñean

‘El Lebrel Blanco’ taldearen eta Iruñearen arteko loturak, bere lanak hirian aurkezteaz gain, 1979an antzerki eskola bat sortzera eraman zuen. Halaber, taldeak argitaratu eta antzeztu gabeko lanei eskainitako antzerki-sari bat sortu zuen, Antonio Buero Vallejo, Adolfo Marsillach, Enrique Llovet, Ricardo Salvat eta Eduardo Haro egile nabarmenek, besteak beste, osatutako epaimahai bat izan zuena. 1973 urtera arte, ‘El Lebrel Blanco’ taldeak haurrak izan zituen ardatz, baina data horretatik aurrera helduendako antzerkiaren aldeko apustua egin zuen, eta 1976an, Nazioko antzerki-ikuskizun onenaren ‘El País’ saria irabazi zuen ‘1789’ lanarengatik. Jardunean egon zen urteetan, beste sari batzuk ere irabazi zituen, hala nola 1979ko Sitges saria ‘Utrimque róditur’ lanagatik, Ignasi Iglesias saria 1978an eta San Javier, Madril, Mérida eta Nancykoak. Antzeztu zituzten lanen artean egile ospetsuen tituluak zeuden, hala nola Federico García Lorcarenak (‘Yerma’ eta ‘El amor de Don Perlimplín y Belisa en su jardín’), Oscar Wilderenak (‘Salomé’) eta Nafarroako egileenak, hala nola Patxi Larrainzarrenak. El Lebrel Blanco taldeko kiderik nabarmenetako bat Valentín Redín izan zen, konpainia hainbat urtez zuzendu zuena.
Une historikoa antzerkirako eta kulturarako, bost ‘jardunaldiren’ bidez gidatuta
‘La colopenda historia del grupo de teatro El Lebrel Blanco’ lana zazpi ataletan zatituta dago; egileak zati horiei “jardunaldiak” deitu die, Urrezko Mendeko egileek beren lanak zatitzerakoan erabiltzen zuten terminologia erabiliz. Aldi berean, horiek 76 “eszena” edo kapitulu barne hartzen dituzte. Hitzaurreak zehazten ditu Iruñean El Lebrel Blanco izenez existitu ziren bi antzerki-taldeen (1934an eta 1943an sortuak, bigarrena Iruñeko Orfeoiaren barruan) ibilbidea eta muntaiak, baita XX. mendearen erdialdean Iruñean existitu zen antzerki-mugimendu sendoa ere, ondoren El Lebrel Blanco taldea osatu zuten interprete ugari prestatzen lagundu zuena.
Liburuak erakusten du ‘El Lebrel Blanco’ taldea Nafarroako arte eszenikoen historian une gorena eta oraindik ere berdindu ez dena izan zela; izan ere, gaur egun oraindik ere tokiko emanaldien eta ikusleen errekorrak mantentzen ditu eta ez da berdindu nazioan lortu zuen ospea. Aldi berean, haren ondarea azpimarratzen du: arte eszenikoetarako publiko berrien sortzaile handia bihurtu zen, interprete ugari trebatu zituen, ordura arte iruindarrei galarazitako errepertorioa eskaini zien, publikoaren gustuaren sorkuntzan nagusi izan zen, frankismoaren pean bizi izan zen ahulezia kulturalarekin amaitzen lagundu zuen eta bere muntaiek herritarren eztabaida sozial, politiko eta artistikoa aberastu zuten diktaduratik demokraziarako trantsizio konplexuan.
Víctor Iriarte, ‘El Lebrel Blanco’ taldearen historian barnako ibilbidearen ‘gidaria’
Udalak argitaratu duen lan honen egileak, Víctor Iriartek, hainbat ikerketa egin ditu Iruñeko eta Nafarroako antzerkiaren iragan hurbilari buruz, eta horrek ‘Patxi Larrainzar. Teatro de agitación’ eta ‘Teatro Gayarre. 75 años’ liburuak egiteko aukera eman dio, baita egile-antzerkiko sei lanei egindako hainbat hitzaurre ere. Informazio Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean. Liburuen argitalpenari buruzko masterra egin zuen Salamancako Unibertsitatean eta masterra Kultur kudeaketan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Diario de Navarran kazetari gisa lan egiten du eta kultur kudeatzailea da. 2004az geroztik, Onda Cero Navarra-ko “El apuntador” programa gidatzen du, eta Antzerkiaren eta Arte Eszenikoen Historiako irakaslea da NUPeko unibertsitate-hedapeneko ikastaroetan eta UHUN Senior programan. Dramaturgo gisa hainbat sari irabazi ditu, hala nola Madrilgo Udalaren 2019ko Lope De Vega Saria ‘Budapest. Un silencio atronador’ (2020) lanagatik, eta Kultura Ministerioaren Calderón de la Barca Antzerkiko Sari Nazionala (2006) ‘La chica junto al flexo’ lanagatik. Halaber, zuzendari onenaren saria irabazi zuen Rivas-Vaciamadrideko Antzerki Jaialdian, Carmen Pomberoren ‘Pater Matris’ lanaren estreinaldi absolutuagatik.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara