Ekitaldia

Kultura, irekia, gertukoa, sortzailea eta kalitatezkoa, gizarte-kohesioaren funtsezko faktore ere badena. Hori da Iruñeko Udalaren apustua 2017 – 2019ko aldirako

 Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alor horretako zuzendari Maitena Muruzabalek  aurkeztu dituzte Udalaren kultur ekintzarako ildo estrategikoak 2017 – 2019ko aldirako. Etorkizuneko jarduketa guztien helburu nagusia da Iruñeko kultur ekosistema sortzea eta indartzea, kultur politikak eraldatuz. Ildo, proposamen eta ekintza horien artean, Hiriartea proiektua –Ziudadela kultur garaikideko zentro bihurtzekoa– legegintzaldiko lehentasunezko ardatz nagusia da.

 2017 – 2019ko aldirako ildo orokorrak lau dira: kultura eredu irekia, sortzailea, hurbilekoa eta kalitatezkoa; kulturaren, hezkuntzaren eta bitartekaritzaren arteko lotura; eta kultur ingurunea eta hiriaren memoria. Ildo estrategiko hauetarako pentsatu diren proposamen batzuk berriak dira eta beste batzuk jada Udalaren esku dagoen kultur jarduera hobetzeko egin dira, hala nola Civivox eta liburutegiak sustatu eta zabaltzea, kulturaz eztabaidatzeko Herri-Laborategiak sortzea, sormena laguntzeko eta prestakuntzarako programak, eta udal-ondarea balioan jarri eta hedatzea –Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma edo Udal Agiritegiaren funtsak, adibidez–.

 Lan hori oinarrizko agiri batean jasota dago, zeinak kultur arloan dauden beharrak antzeman eta datozen urteotarako Udalaren kultur politiken ildo nagusiak agertu nahi dituen. Bidea kultur sektorearen planifikazio integrala da , kultur eragileekin etengabeko elkarrizketa prozesua ezartzea, eta abiapuntu komun eta partekatu bat sortzea kultur politikaren ildo orokor horiek definitu eta garatzeko.

 Lan hori egiteko aurreko urteetako txostenak aztertu dira: Iruñeko Udalaren 2012ko Diagnóstico de la vitalidad cultural de Pamplona eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren eta Vianako Printzea Erakundearen 2013ko Diagnóstico de Cultura, eta informazio instituzionala kontsultatu da (aurrekontuak, ekipamenduak…). Iruñeko kultura eta artearen alorretako adituekin eta sektoreko adituekin sakoneko elkarrizketak egin dira baita ere.

 Ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak

 Jasotako informazioaren emaitza AMIA analisi bat izan da, non ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak jasotzen baitira. Ahulezi gisa honako puntu hauek jasotzen dira: kulturaren eta sormenaren arloko jarduerak etengabe jasotzen dituen errekurtso bat ez izatea Iruñean, kultur politikaren helburuak azaltzen dituen dokumenturik ez egotea Udalean, kultur erakundeen arteko koordinazio eza, eta programazio-irizpideen eza.

 Mehatxuen artean beste hauek daude: eskaintzaren banaketa desorekatua diziplina artistikoen artean, jarduera amateurrak eta profesionalak ez ezberdintzea, eta komunikazio-tresna indartsuen gabezia, hedapena egiteko eta eragile kulturalak herritarrekin harremanetan jartzeko. Indar gisa, hiriko kultur politikak aldatu eta hobetzeko helburuarekin lan-talde bat sortu izana baloratzen da.

 Aukera gisa, honako puntu hauek jaso dira: Iruña kultur ekipamendu sorta zabala duen hiria izatea, kultur eta arte arloko elkartez osatutako sare zabal batez hornitua, eta kultur jardueren artean musika gailentzea. Aukera eta apustu handietako bat Hiriartea da: Ziudadelan epizentroa duen kultura eta arte garaikideko espazio bat, definitu eta abiatzen denean hiriko kultur eskaintza osatu ahalko duena.

 Lau lan-ildo eta ia hogeita hamar bat proposamen

 Lau lan-ildo planteatu dira datozen urteetarako. Hurbileko kulturari erreparatuko dio 1. ildoak, eta honako jardun hauek proposatuko dira: Civivox sareko kultur zentroetako zerbitzuak indartu eta zabaltzea; liburutegi-sareak sendotzea, zerbitzuak eta ordutegiak zabalduta; Erraldoien txokoa berreskuratu eta gehiago erabiltzea; urteko topaketak egitea Iruñeko arte- eta kultura-komunitateekin; auzoekin elkarrizketa-bideak irekitzea eta harreman horietan sakontzea, festak antolatze aldera; eta auzoetako kultur programazioa zabaltzea.

Bigarren ildoak kultura ireki, sortzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua eginen du: herritarrendako guneak sortuko dira, non artistak, herritarrak eta kultur eragileak bilduko baitira kulturaren inguruan eztabaidatzeko; laguntza profesionaleko berariazko ildoak sortu eta hobetuko dira; kultur elkarteendako diru-laguntzak berrikusi eta hobetuko dira; talde artistikoen katalogoa berrikusiko da; tokiko talde artistiko profesionalak zuzenean kontratatuko dira; kalitate-irizpideak ezarri eta aplikatuko dira Udalaren berezko programazioan; gaur egun dauden programak eta berriki sortutakoak (Erlijio-musikako jaialdia, Harresietako Jaialdia edo Bideoarte Jaialdia) bultzatu eta indartuko dira; eta Hiriartea proiektua sortuko da.

 Kultura, hezkuntza eta bitartekaritza kontzeptuek deskribatzen dute 3. ildoa. Hartara, artea eta herritarren arteko etenik gabeko bitartekaritza-ildo bat sortzea proposatzen da, hezkuntza-komunitatean bereziki, non Ibiltari programarekin jarraitu eta hezkuntza-esparruan ekimen berriak sortuko baitira. Halaber, Kultura elkartrukatzeko sareak abian jartzeko aukerak aztertuko dira, eta bitartekaritza-proiektuak sortuko, Udaleko ekintza instituzionalak eta generoaren alorrean lan egiten duten elkarteak harremanetan jartzeari begira.

 Azkenik, 4. ildoak, –kultur ingurune eta hiriaren memoriaren ingurukoa– honako proposamenak ekarriko ditu: instituzioen arteko koordinazio-dinamikak sortzea; jende ororen zaintza kontuan hartzen duten ekimenak abiaraztea; Kultur Komunikazio Plan bat eratzea; egungo kultur-eskaintzaren inguruko mapa bat egitea; kulturak Iruñean duen potentzialtasuna birpentsatzea, betiere ikuspuntu antropologiko batetik; eta hiriaren memoriaren inguruko ibilbide bat sortzea, Iruñeko historia eta testuinguru historikoak erakutsiko dituena.

Itzuli edukiaren hasierara