Buscador
Lehiaketak eta sariketak
ARGITALETXEEN, LITERATURAREN ETA DIBULGAZIOAREN SEKTOREA BABESTEKO LAGUNTZAK

Iruñeko Udaletxearen Kultur Alorrak argitaletxeen, literaturaren eta dibulgazioaren sektorea babestuko duen laguntza-ildo berria aurkeztu du, 41.000 euroz hornituta dagoena.
Azaroaren 25era bitarte argitalpenen ediziorako udal-laguntzen deialdian obrak eta proiektuak aurkezteko epea zabalik egongo da, paperean zein euskarri elektronikoan; deialdi horren bidez Iruñeko Udalak jarduera sustatu nahi du sektore horretan. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira ‘Pertsona juridikoendako dirulaguntzen eskaera elektronikoa’ izapidearen bidez, Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoan, Udaleko Erregistroetan edo legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan. Informazio guztia Udalaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsulta daiteke.
Deialdiak xede du laguntza ekonomikoa ematea argitaletxeei, profesionalei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei Iruñearekin, haren kulturarekin, folklorearekin, pertsonaiekin eta historiarekin lotutako literatura-sorkuntzan eta ikerketa zientifikoan, bai paperezko euskarri tradizionalean bai euskarri elektronikoan. Modu horretan, argitalpenen sorkuntza eta edizioa bultzatu eta kalitatezko eskaintza sustatzen da, askotarikoa, literatura-jarduera eta egileen lana bultzatzen dituena. Lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute, faksimileak, euskarazko zein gaztelaniazko lehen itzulpenak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak. Kasu horretan, betiere azken inprimatzea duela hamar urte baino gehiago egin bazen, edukien % 15 berriak badira eta maketa zein ISBNa berriak badira.
Deialdian bi modalitate daude: alde batetik, argitaletxe eta profesionalei bideratutako modalitate bat, zeinetara gehienez ere 3 liburu aurkezten ahalko baitira, eta 30.000 euroz hornitutakoa (obra bakoitzeko gehienezko zenbatekoa % 70 izanen da, eta gehienez ere 10.000 euro); eta bestetik, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako modalitate bat, zeinetara liburu edo aldizkaria izan daitekeen proiektu bakarra aurkezten ahalko baita, eta 11.000 euroz hornitutakoa (onartutako aurrekontuaren % 70 gehienez ere, eta 6.500 euro proiektu bakoitzeko). Bi kasuetan, argitalpenek Iruñearekin harreman zuzena izan (kultura, pertsonaiak, folklorea…), udalerriaren nortasuna bultzatu eta Iruñeko kultura sustatzen lagundu beharko dute. Lanak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira, eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko abenduaren 31ra bitarte argitaratuak egon beharko dute.
Laguntza eskuratu nahi dutenek bete beharreko baldintzak
Laguntza eskuratu nahi duten profesionalek alta emanda egon beharko dute idazleen 863. JEZn, liburuen edizioko 476. JEZn edo argitalpenaren gaiari zuzenean lotutako epigraferen batean. Gainera, egoitza soziala nahiz zerga-egoitza Espainian eduki beharko dute. Argitaletxeek, bere aldetik, honako baldintza hauek bete behar dituzte: beren gizarte xedearen barruan liburuen edizioa sartzea, legearekin bat eraturik egotea deialdia NAOn argitaratu baino urtebete lehenagotik eta egoitza soziala nahiz zerga-egoitza Espainian edukitzea. Azkenik, irabazi-asmorik gabeko entitateei dagokienez, beren estatutuetan jaso behar dute beren helburua kulturala dela, legearekin bat eraturik egon behar dute deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik eta egoitza soziala zein zerga-egoitza Espainian eduki behar dute.
Halaber, bi laguntza-modalitateetako edozeinetara aurkezteko beste baldintza orokor batzuk bete behar dira. Iruñeko Udalaren zerga-betebeharrak egunean izatea (Udalak ofizioz egiaztatuko du); zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beterik edukitzea; eta Udal honek aurretik eman eta justifikazio-epea amaituta duten dirulaguntzarik ez izatea justifikatu gabe.
Modalitate bakoitzean aurkeztutako obrak baloratzeko irizpideak honako bi hauek izanen dira: kontuan hartuko da argitaletxearen, profesionalaren edo irabazi-asmorik gabeko entitatearen ibilbidea (10 puntu) eta proiektu zehatza (90 puntu), honako alderdi hauetan: argitalpenaren kalitatea eta interesa, Iruñearekiko lotura, aurrez hasitako argitalpen sorta baten jarraipena izatea eta genero-estereotipoak hausten dituzten eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea.
Itzuli edukiaren hasierara