Buscador
Lehiaketak eta sariketak
EDIZIORAKO LAGUNTZAK

Zabalik dago epea irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendutako ediziorako laguntzen deialdia, beste behin ere Iruñeko Udalak abiatu baitu. Deialdiak xede du laguntza ekonomikoa ematea Iruñearekin, haren kulturarekin, folklorearekin, pertsonaiekin eta historiarekin lotutako liburuak edo aldizkariak argitaratzeko, bai euskarri tradizionalean (papera) bai euskarri elektronikoan. 8.000 euroko aurrekontua du, eta eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da.
Lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute, faksimileak, euskarazko zein gaztelaniazko lehen itzulpenak, edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (betiere azken inprimatzea duela hamar urte baino gehiago egin bazen, edukien % 15 berriak badira eta maketa zein ISBNa berriak badira). Xedea da Iruñeko kultura edozein ikuspegitatik (historikoa, lurraldekoa, soziala…) sustatzen laguntzen duten argitalpenak sortzea eta editatzea bultzatzea. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan argitaratutako ‘Pertsona juridikoendako dirulaguntzen eskaera elektronikoa’ izapidearen bitartez.
Iruñeko bi hizkuntza ofizialetan onartuko dira lanak eta 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean (biak barne) argitaratu behar dira. Edizio-gastuek deialdiaren urtean fakturatuta egon behar dute. Paperean eta euskarri digitalean aldi berean argitaratzen diren lanak eskaera bateratu bakar batean aurkeztuko dira, eta dirulaguntza jaso dezaketen gastu gisa sartzen ahalko dira bi formatuekin zerikusia dutenak. Proiektu bakoitzarendako laguntzaren zenbatekoa ez da onartutako aurrekontuaren % 70 baino gehiago izanen, ez eta 6.500 eurotik gorakoa ere.
Entitateen betekizunak, balorazioa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak
Deialdian parte hartzen duten entitateek irabazi-asmorik gabekoak izan beharko dute, eta haien estatutuetan jasota egon beharko du erakundearen helburua kulturala dela. Gainera, legearekin bat eraturik egon behar dute deialdi hau NAOn argitaratu baino urtebete lehenagotik, egoitza soziala zein zerga-egoitza Espainian eduki eta tributu-betebeharrak egunean izan, hala Iruñeko Udalarekin nola Gizarte Segurantzarekin. Halaber, Udalak aurretik eman eta justifikazio-epea amaituta duten dirulaguntzarik ez dute izan behar justifikatu gabe. Deialdi honen inguruko informazioa www.pamplona.es/eu webgunean eta 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 13koan, kontsulta daiteke.
Laguntzak ematerako orduan, honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: entitate eskatzailearen ibilbidea, argitalpenaren kalitatea eta interesa, Iruñearekiko lotura, aurrez hasitako argitalpen sorta baten jarraipena izatea eta genero-estereotipoak hausten dituzten eta berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea.
Diruz laguntzen ahalko dira argitalpenaren ekoizpenari dagozkion gastuak, argitaratzeko beharrezkoak diren prozesu guztiak barne hartuta: azalaren eta barrualdearen maketazioa, ilustrazioa, argazkiak eta irudien tratamendua (formatu edo bereizmenen bihurketa, digitalizazioa, ukituak egitea eta garbitzea) eta itzulpen zerbitzua. Horiei gehitzen zaizkie egile-eskubideak (SGAE…), argitalpenak inprimatzea eta argitalpen digitaleko plataformekin kudeatzea.
Itzuli edukiaren hasierara