Lehiaketak eta sariketak

BORJA BARRAJONEK IRABAZI DU IRUÑA HIRIA ESKULTURA LEHIAKETA

IRUÑA
2023/04/18 - 2023/05/07

Borja Barrajónen ‘1423’ lanak irabazi du Batasunaren Pribilegioaren 600. Urteurreneko Iruñeko Hiri Eskulturaren Nazioarteko Lehiaketa
AEDAS Homesek Iruñeko Udalaren lankidetzarekin antolatutako lehiaketara 31 proiektu aurkeztu dira.

Iruñeko Hiri-Eskulturako Nazioarteko Lehen Lehiaketak ‘1423’ du izena Batasunaren Pribilegioa sinatu zen urteari erreferentzia eginez eta dagoeneko badu lan irabazlea. Borja Barrajón Acedo artistarena izan da aurkeztutako 31 proiektuen artean hautatutako lana. Bere lanak, hain zuzen ere, ‘1423’ izenburua du, eta hiriko hiri-espazio batean jarriko da irailaren 8an, Pribilegioaren 600. urteurrena ospatzeko.
Aukeratutako obrak 19.000 euroko saria jasoko du.Duen izaera sozialagatik baloratu dute, bere osaera eta formei esker hiri-espazioan pertsonak elkartzea ahalbidetzen baitu. Halaber, epaimahaiak nabarmendu du indar handia duen obra bat dela eta hiri-inguruneren irudi garaikidea erakutsiko duela Iruñearekin oso bat datorren estetika batekin. Gainera, epaimahaiaren iritziz espazio publiko batean jartzeko obra ezin hobea da eta eginda dagoen moduagatik kontserbazioa eta mantentze-lanak egitea errazten du.


Proiektuak XV. mendean Batasunaren Pribilegioak ekarri zuen integrazioa islatzen du eta batasun, kohesio, tolerantzia eta senidetzearen balioak transmititzen ditu, elkarren artean solasean ari diren hiru blokez osatutako eskultura-multzo baten bidez. Hiru blokeak –lerro zuzenekoak eta barneko bao bat dutenak_, herritarrek bisitatzen ahal duten espazio bat eratuz instalatzen dira.


Epaimahaia honako hauek osatu dute: Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria eta Nafarroako Kultura eta Arteetako Kontseiluko kidea; José Javier Azanza Nafarroako Unibertsitateko Artearen Historiako katedraduna eta Nafarroako Kultura eta Arteetako Kontseiluko kidea; José María Gonzáles Romojaro AEDAS Homeseko arkitekturako zuzendaria eta arkitektoa; Alicia Ventura erakusketa-komisarioa eta Gestión de Arte Venturako eta DKV Bildumako zuzendaria; Alfonso de la Torre arte-teorialaria eta kritikaria eta Espainiako arte garaikideko espezialista eta Ana Suárez Gisbert abokatua eta kultur kudeatzailea AEDAS Homesen, botorik gabeko idazkari gisa.


Ekimen artistiko honen bidez hiriko historiari ikusgaitasuna eta aintzatespena eman nahi zaio, eta aldi berean, inguruari kultur balioa eman eta herritarren kontzientziazioa handitu. Lehiaketa AEDAS Homes enpresaren ESG 2021-2023 Planaren barruan kokatzen da eta ‘ConLasArtes by AEDAS Homes’ kultur estrategiaren hamargarren proiektua da. Estrategia horrek artea eta kultura sustatu eta hedatzea ditu xede, gizartearen eta artisten arteko kohesioa sortuz, eta pertsonak hiri-ingurunearekin konektatuz.


‘1423’ eskulturaren inaugurazioa irailaren 8an eginen da eta Batasunaren Pribilegioaren sinaduraren 600. urteurrenaren karietara antolatutako udal-programaren jardueretako bat da, arteen, ondarearen eta kulturaren inguruko ekimen historikoen arloan. Hitzarmenak Iruñeko Udala instituzio gisa sortzea ekarri zuen, bai eta Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas hiru burguen bategitea ere, hainbat mendetako borroken ondoren.

Itzuli edukiaren hasierara