Lehiaketak eta sariketak

EGILE BERRIENTZAKO XXXI. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA. 2021. SARIAK

Saioa Alkaiza Guallarrek, Koldo Azkune Etxabarrik eta Juan José Pellejero Goñik irabazi dituzte lehen, bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren, Iruñeko Udalak deitutako Egile Berrientzako Euskarazko XXXI. Literatur Lehiaketan, narrazio laburra modalitatean. Bestalde, Iosune de Goñi Garcíak, Rakel Pardo Pérezek eta Saioa Alkaiza Guallarrek, berriz ere, poesia modalitateko sariak irabazi dituzte. Halaber, epaimahaiak aipamen berezia eman zion Iker Arriola Salazarri narrazio laburrean.

Iruñeko Udalak hiru hamarkada baino gehiago duen lehiaketa horren beste edizio baterako deia egin zuen uztailean. Helburua da euskarazko literatura-sormena sustatzea lanak argitaratu ez dituzten pertsonen artean. Sariak 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak dira, lehen, bigarren eta hirugarren postuaren arabera. Halaber, aipamen berezia 250 euroz hornituta dago.

Edizio honetan 24 lan aurkeztu dira guztira. Narrazio laburrean 13 egilek parte hartu dute. Bestalde, poesian, 11 lan aurkeztu dituzte. Epaia eman duen epaimahaia honako hauek osatu dute: Uxue Juárez Gaztelu filologo, idazle eta euskal literaturako irakaslea; Jokin Muñoz Trigo filologo, idazle eta euskal literaturako irakaslea; Mikel Taberna Irazoki itzultzaile eta idazlea eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzia.

NARRAZIO SARIAK

Saioa Alkaizak irabazi du lehen saria narrazio modalitatean, ‘Bi ezezagun’ lanagatik, non bi belaunaldi ezberdinetako bi emakumeren ahotsaren bitartez (ama eta amona) hitz egiten baitu amatasunaren munduaz jabetu berri den emakume batek sentitzen duen itolarriari buruz. Umoreaz, kritika garratzaz eta ironiaz baliatuta, egileak idealizatutako amatasuna desmuntatzen du, eta gaur egungo gizartean dauden joera nagusietako batzuen inguruko hausnarketak aurkezten dizkigu.

Bestalde, Koldo Azkunek bigarren saria lortu du ‘Armiarmaren oposizioa’ narrazioarekin. Emakume baten errutinari buruzko hausnarketa bat, zaintzak, lana eta gizarte lehiakor bat deskribatzen dituena, azkenean, sorpresa txiki bat ematen duen arte. Hirugarren saria Juan José Pellejerok irabazi du, zeinak, ‘Bizilaguna’ lanaren bidez deskribatzen baititu gazte baten eguneroko bizitza, haren ahuleziak eta zalantzak, ezusteko amaiera batekin.

Epaimahaiak aipamen berezi bat ere eman dio Iker Arriolari ‘Ez dago hilda’ lanagatik, haren lerroetan sortzen duen berezko mundua aintzat hartuta, paisaia harrigarriekin, non protagonista noraezean ibiltzen baita, pandemia garaian errealitate distopiko batean murgilduta baitago, errealitatea eta fikzioa uztartuz.

POESIA SARIAK

Poesia modalitatean, lehen saria Iosune de Goñik irabazi du ‘Itzalak uraren azpian’ lanarekin. Bertan, egileak algek eta eguerdililiek osatutako uretako mundu batean murgiltzen du irakurlea, hutsaren eta presentziaren arteko mugak aldatuz. Rakel Pardok lortu du bigarren saria ‘Haztamuka’ lanarekin, hausnarketarako olerki-bilduma batekin, non kontraesanak, zalantzak eta egoera klaustrofobikoak agerian uzten baitira. Baserriaren eta basoaren mundutik abiatuta, irakurlea deserrian, toki desegokietan, bakardadean eta komunikazio-ezan murgiltzen duten olerki-sorta bat da.

Hirugarren saria Saioa Alkaizarendako izan da, zeinak narrazioko ‘Bi ezazagun’ lan irabazleaz gain, ‘Etorriko denaren zain’ lana ere aurkeztu baitzuen, oso sakonak diren olerkien bilduma bat. Epaimahaiak saritu egin du umorea abiapuntu hartuta gaur egungo gizarteari (alokairuak, soldatak, lan mundua) egindako kritika hori.

IRAGARKIA

Iruñeko Udalak egile berrientzako 2021eko XXXI. euskarazko literatur lehiaketarako deia egiten du, norgehiagokako araubidean. Deialdi honen xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea. Sari modalitateak: poesia eta narrazioa.

Sari hauek ezarri dira modalitate bakoitzerako: lehen saria: 2.500 euro. Bigarren saria: 1.000 euro. Hirugarren saria: 500 euro eta 250 euroko lau aipamen, gehienez ereEpea urriaren 22an amaituko da. Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute eta euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

Lehiaketan parte hartu ahalko dute nafar egileek edo nafarrak izan gabe, helbidea Nafarroan dutenek. Egileek beren izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu badute, ezin izanen dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi edizioetan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan. Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta honako hauek osatuko dute:

Itzuli edukiaren hasierara