Civivox

FOKATU 2022. SARIAK

KONDESTABLE CIVIVOXA
2022/12/21 - 2023/01/15
JARDUERAK 2023KO EKAINA

Argitara eman dira FOKATU argazki-lehiaketaren hiru saridunak, bai eta 2023. urteko udal-egutegia irudiztatuko duten argazkien zerrenda ere. Urteko 12 hilabeteekin batera agertuko diren irudien hamabi egileek 150 euroko sari bana jasoko dute.

Iñaki Vicuñaren Paseoa lainopean argazkiak irabazi du 900 euroz hornitutako lehen saria, Arga ibaiaren pasealekuan barna, udazkeneko gau hotz baten intimitatean, lainopean desagertzen doan bikote bat agertzen duena. Bigarren saria, 600 eurokoa, Kike Balenzateguiren Botilen horma argazkiarentzat izan da, zeinak botilen horma baten isla jasotzen baitu Tafalla kaleko fatxada batean; eta hirugarrena, 500 eurokoa, Joanes Molinaren Txuritabeltz – Blancoynegro argazkiarentzat izan da, eta bertan Taconeran hartutako irudi batean elurraren eta uraren eta ahateen eta antzarren arteko kontraste bikoitza erakusten du. Horrez gain, epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute honako hauek aurkeztutako argazkiek: Raúl López (Suzko gurutzea), Josu Muñoz (Soiltasunaren edertasuna), Manuel Matute (Emergente) eta Alicia Martínez (Foruen plaza).

*Fokatu lehiaketako hiru argazki sarituak:

*2023ko egutegiko argazki sarituak eta egileak:

Urtarrila. JOANES MOLINA RODRÍGUEZ.

Txuritabeltz – Blancoynegro.

Irudiak elurraren eta uraren eta ahateen eta antzarren arteko kontraste bikoitza erakusten du.

Otsaila. NIEVES SOLANILLA ANGEL.

Alde Zaharra eta Beriain.

Irudia Iruñeko Alde Zaharraren zati bat eta, atzealdean, Beriain elurtuta jasotzen dituen panoramika bat da.

Martxoa. JOANES MOLINA RODRÍGUEZ.

Tormenta – Ekaitza.

Irudian ekaitz-gau bat ageri da, Iruñean eta Iruñerrian tximista ugari erortzen ari direla.

Apirila. IÑAKI SOLA AYESA.

Ehiztariaren ilargia.

Hiriko teilatuen artean, urriko ilargi betea agertzen da irudian.

Maiatza. GLORIA VÁZQUEZ FERRÓN.

Estimulu kromatikoak.

San Bartolome gotorlekuko lorategian, buruxka loretuen artean, hartutako argazkia.

Ekaina. JAVIER ARISTU ENDERIZ.

Osasuna Gora.

“Barçakoa dirudien baina Osasunakoa den bandera bat astintzen du mutiko batek”.

Uztaila. JOANES MOLINA RODRÍGUEZ.

Explosión de colores – Koloreko eztanda.

Su artifizialen gau eder baten kolore eztanda agertzen da irudian.

Abuztua. ALEJANDRO GONZÁLEZ INZA.

Argazkiaren izena eta deskribapena. Kuadrilla.

Adinekoendako sendagairik onena lagunak dira.

Iraila. JAVIER YARNOZ SÁNCHEZ.

Haurren gauzak.

Horrela deskribatzen du egileak argazkia: “Haur-eskola”.

Urria. JOSÉ PÉREZ HINOJOSA.

Laranjaren konbergentzia berdeguneetan.

Udazkeneko ilunabar bat erakusten du irudiak, Arga ibaiaren pasealekuan, Arrotxapean.

Azaroa. YOSIP ALEJANDRO PELAEZ ROJAS.

Maitasuna lehen urtxintxan.

Horrela deskribatzen du egileak argazkia: “Pazientzia apur batekin natura eta sorpresak gozatzen ahal dituzu”.

Abendua. SANTIAGO MARRODÁN CIORDIA.

Zaldi Zuri zuria.

Irudiak gau elurtu bat erakusten du, Zaldi Zurian.

*Kondestableko erakusketa:

Irudi guztiak erakusketa batean ikusgai egonen dira, Kondestablearen jauregian, urtarrilaren 20ra arte.

Guztira, FOKATU lehiaketan 179 lagunek parte hartu dute, eta 457 argazki aurkeztu dituzte. Epaimahai teknikoa honako hauek osatu dute: Villar López, Cristina Núñez, Adolfo Lacunza eta José Luis Pujol argazkigintzako profesionalek, eta Iruñeko Udaleko Partaidetzako Alorreko teknikariek.

*Egutegiaren banaketa:

Iruñeko Udalak argitaratu ohi duen egutegi tradizionala udal-egoitzetan, Civivox sarean, Gaztediaren Etxean eta zenbait zentro komunitariotan banatuko da, abenduaren 21ean eta 22an. Oraingoan Udalak 20.000 ale argitaratu ditu, iaz baino 3.500 gehiago, daukan harrera ona ikusita. Pertsona bakoitzak gehienez 2 egutegi hartzen ahalko ditu.

Egutegia ele bitan dago eskuragarri, formatu bikoitzean, gaztelaniaz eta euskaraz. Era berean, asteazkenean bertan, hilak 21, Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eskuragarri egonen da, deskargatzeko.

Guztira hamalau tokitan banatuko da egutegia: asteazkenean, abenduak 21, goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta, ostegunean, abenduak 22, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Lehenengo egunean toki hauetan egonen dira eskuragarri: Udaletxeko atzealdean (Santiago plazatik sartuta); Kulturako egoitzan (Descalzos k. 72); Gaztediaren Etxean, Sanduzelaiko, Mendillorriko, Iturramako, Zabalguneko eta Juslarrocha Civivoxetan; Andre Maria Erreginaren belaunaldien arteko zentroan (Mutiloabeiti k. 19); Etxabakoitz (Urdánoz etxe-multzoa 1), Ermitagaña (Bartolomé de Carranza 52) eta Buztintxuriko zentro komunitarioetan, eta Besarkada elkartean (Tulebrasko Monasterioaren k. 1), zeinak bere egoitza lagatu baitu egutegiak banatzeko.

Bestalde, ostegunean, arratsaldez, egutegiak toki hauetan eskatzen ahalko dira: Kulturako egoitzan (Descalzos k. 72), Gaztediaren Etxean, Sanduzelaiko, Mendillorriko, Iturramako, Zabalguneko eta Juslarrocha Civivoxetan, eta Salestarretan (Iruñerria k., 24). Toki horietan guztietan udal-egutegia arratsaldeko bostetatik zortziak arte banatuko da. Iruñeko Udalak egutegia eskuratzeko tokiak dibertsifikatu ditu, herritarren iradokizunei erantzunez; izan ere, Iruñeko auzo ezberdinetan banatzea eskatzen zuten. Hala, 2021ean horretara bideratutako hamar espazio bazeuden, aurten 14 daude. Aurten 35 urte betetzen dituen ANASAPS – Nafarroako Osasun Mentalerako Elkarteko kideek eginen dute banaketa.

Itzuli edukiaren hasierara