Buscador
Euskara
HAURRENDAKO ANTZERKI-TESTUEN LEHIAKETA. SARIAK.

Paco Romeuren ‘Diario del limonero’, gaztelaniazko modalitatean, eta Teresa Sala Mozos eta Josi Alvarado Valeroren “Baratza bang bang. Haur tristeentzat mazedonia”, euskarazko modalitatean, izan dira Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak aurten ere antolatu duten Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketaren lan irabazleak. Modalitate bakoitzari esleitutako 2.500 euroko saria eskuratzeaz gain, saritutako testuak Nafarroako Antzerki Eskolan bertan antzeztuko diren antzezlan bihurtuko dira.
Dagoeneko tradizionala den antzerki-testuen lehiaketaren helburuak dira haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotu eta bultzatzea eta txikitatik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. Edizio honetan 86 antzerki-testu aurkeztu dira, iaz baino 37 gutxiago, orduan 123 jaso baitziren. Gaztelaniazko modalitatean, parte-hartzeak behera egin du, 118 lanetik 78ra igaro baita, eta euskarazko kategorian, aldiz, gora egin du, 8 testurekin, 2021eko edizioan izandako 5en aldean.
Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartzen ahal zuten. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahal zituen, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaragabeak, eta ezin zen testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin ziren aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek (profesionala izan zein ez) estreinatutakoak ere. Aurkeztutako antzezlanak haurrendako lanek izan ohi duten iraupena izan behar zuen.
Epaimahaikiden balorazioak
‘Diario del limonero’ lanari dagokionez, epaimahaiak haren formaren berrikuntza nabarmendu du; izan ere, antzerki-testuak eraikitzeko eskatzen diren arau klasikoak haustera ausartzen da. Edukiaren aldetik, gai bat azpimarratzen da, amatasuna, zeina mendeetan zehar eremu pribatuan egon baita, literaturaren eta antzerkiaren parte izan gabe. Testua irudi ederrez beteta dago, erritmo pertsonal eta propioa du, sotila da planteamenduan eta eszenaratzeko aukera zabala eskaintzen du. Aurreikuspenen arabera, lan hori Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztuko da, Eguberrietan.
“Baratza Bang Bang. Haur tristeentzat mazedonia” lan dibertigarria eta freskoa da, bi fikzio-plano modu orekatuan gainjartzen dituena, suspensea koherentziaz mantenduz eta adinekoei ere keinu eginez. Testua antzezlan formatura egokituta, hasiera batean, 2023ko udaberrian estreinatuko da.
Gaztelaniazko modalitateko epaimahaian Fuensanta Onrubia Pascual, Javier Pérez Eguaras eta Lola Fernandez Sevilla izan dira. Euskarazko modalitatekoa Mikel Mikeok, Maialen Díaz Urrizak eta Iosu Cámarak osatu dute.
Deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala, lehiaketa honetan 16 urtetik gorako pertsona orok parte har dezake. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahalko ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, betiere baldintza hauek beteta: testuak argitaratu gabeak eta jatorrizkoak izanen dira; ezin da testu bera aurkeztu bi modalitateetan; ezin dira beste edozein lehiaketatan saritutako lanak aurkeztu; eta inongo konpainiak (profesionala edo amateurra) estreinatu gabeak izanen dira. Gainera, iraupen aldetik, haurrendako antzezlanek izan ohi duten iraupena izanen du.
Itzuli edukiaren hasierara