Euskara

IMANOL ULACIA ETA IBAN GARRO, IRUÑA HIRIKO XVII. POESIA SARIAREN IRABAZLEAK

IRUÑA
2023/07/21 - 2023/08/06

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako Iruñea Hiria Nazioarteko XVII Poesia Sariaren irabazleak ezagutzera eman dira. Gaztelaniazko saria Imanol Ulacia Aramendik jasoko du, eta euskarazkoa, Iban Garro Alzurik. Saria da 3000 euro eta liburuaren argitalpena.

Imanol Ulacia Aramendik, gaztelaniazko modalitatean, eta Iban Garro Alzurik, euskarazko modalitatean, Udalak eta Nafar Ateneoak antolatutako “Iruña Hiria” Nazioarteko XVII. Poesia Saria jaso dute asteazken honetan. Maravillas del espacio eta Larrosa bat Groenlandian dira 3.000 eurorekin eta lanen argitalpenarekin saritutako poema-liburuen izenburuak.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta María Ibáñez Nafar Ateneoko idazkariak banatu dituzte bi sariak, Kondestablearen jauregiko patioan, Nafar Ateneoko eta Udalbatzako beste kide batzuk ere bertan zirela egin den ekitaldian. Lehiaketaren hamazazpigarren edizio honetan, 119 emakumek eta 325 gizonek eginiko 444 poesia lan aurkeztu ziren. Horietatik, 430 gaztelaniaz idatziak ziren, eta 14, euskaraz. 25 herrialdetako egileek parte hartu zuten. Gaztelaniazko modalitatean parte hartu zutenen batez besteko adina 51 urtekoa izan zen, eta euskarazkoan, berriz, 45 urtekoa.

Gaztelaniazko epaimahaia Javier Asiain Urtasun poetak, Jesus Munarriz Peralta editore, itzultzaile eta poetak, Alfonso Pascal Ros poeta eta editoreak eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidenteak osatu dute. Euskarazko modalitatean, berriz, honako hauek: Gotzon Plaza Jaio poetak, lehiaketaren aurreko edizioko irabazleak, Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editoreak, Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko Euskara batzordekideak eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidenteak.

Bi poema-liburu
Imanol Ulacia Aramendik Maravillas del espacio poema-liburuarekin eskuratu du gaztelaniazko modalitateko saria. Zumaiarra da eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktore, irakasle eta ikertzaile lanetan. Bere irakasle ibilbidea eta zenbait poema-libururen egile-ibilbidea uztartu ditu; liburu horietako batzuk duten kalitateagatik ere saritu dituzte.
Epaimahaiaren iritziz, Iban Garro Alzuriren Larrosa bat Groenlandian lanak estilo propioa markatzen duten baliabide literarioen aberastasuna eta dotorezia erakusten ditu. Poema-liburuak gogoeta sakonak planteatzen ditu kontraesan kontzeptualak dituzten zenbait bertsoren bidez, eta horiei esker, irakurlea obran sakontzen jarraitzera lotzen du. Iban Garro Lesakako poeta eta bertsolariak zenbait sari jaso ditu bere lanengatik, besteak beste, Iruñeko Udalak egile berriendako antolatutako euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketako lehen saria.

Lehiaketara 119 emakume eta 325 gizonen 444 poema-liburu aurkeztu dira, horietatik 430 gaztelaniaz eta 14 euskaraz. Parte hartze hau, aurreko edizioetakoaren antzekoa, hainbat lekutatik heldu da. Gaztelaniaz aurkeztutako 430 lanen artean, 264k jatorri nazionala dute eta 166 atzerrikoak dira. Obra gehien aurkeztu dituen autonomia erkidegoa Andaluzia izan da (55), ondoren Madril (41), Valentzia (31), Euskadi eta Katalunia (17), Murtzia (16), Nafarroa (14), Aragoi (12), Gaztela-Mantxa (10), Galizia (8), Gaztela eta Leon (7), Kantabria (7), Kanariak (6), Balear Uharteak (5) eta Extremadura (5) eta Errioxa (3).

Informazio gehiago

Itzuli edukiaren hasierara