Buscador
Lehiaketak
2020ko SORMEN ARTISTIKOKO PROIEKTUAK IV. IRABAZLEAK

Zenbait diziplinatako hamar artistek jaso dute saria Iruñeko Udalak deitutako arte-sormeneko proiektuak sustatzeko IV. Lehiaketan. Horretaz gain, hamar saridunek aitorpen bakoitzari dagozkion 3.000 euroak jaso dituzte. Guztira, Udalak 30.000 euro inbertitu ditu deialdi honetan. 37 proposamen aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietatik 28k betetzen zituzten betekizunak. Horietatik atera dira irabazleak.
Hona hemen saritutako proiektuak: Iñaki Sagardoy, euskarazko eleberri grafiko bat sortzeko proiektuagatik, Aitor Razquin eta Mikel Irurerekin batera; Andrea Santiago Díez, ‘Geografía de unas nanas’ musika-sormeneko proiektuagatik; Margarita Leoz Munilla ‘Lo que permanece’ eleberriaren idazketari ekiteko; Estefanía de Paz ‘La reina del Arga/Argako erregina’, zenbait diziplina (arte plastikoak, argazkilaritza, musika, arte eszenikoak, dramaturgia) eta bideoa uztartzen dituen eta Remigia Etxarreni omenaldia egin nahi dion proiektuagatik, eta Iñaki Alforja, Libélulas-Mariburruntzi dokumentalaren proiektuagatik.
Beste bost sarituak honako hauek dira: Marisa Mantxola ‘Espejismos’ proiektuagatik, ikus-inpaktu handiko diseinuen bitartez egindako proposamen artistikoarekin, argazki-muntaia eta collage digitalez egina; Jon Mikel Caballero, Ezkaban grabatzekoa den fikzioko luzemetrai baterako gidoiaren proiektuagatik, ‘El fuerte’ izenekoa; Maitane Azparren eta Uda Irisarri ‘Duobla Kreata’ lanarengatik, instalazio bati loturiko ehun-gaiak eta zeramikoak aldarrikatzen dituen proposamen berritzailea; David Pérez Villanueva, ‘Staying Alive’-en dokumentatutako koreografia-ikerketa lanagatik, eta Beñat Iturbe Hualde, ‘Marty´s’ antzerki-komedia satirikoa garatzeko proiektuagatik.
Deialdiko epaimahaia, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria bera buru izan duena, beste zenbait diziplinatako espezialista diren alorreko lau teknikarik osatu dute, eta epaia emateko kontuan hartu dute hala aurkeztutako proposamenaren balio artistikoa nola haren originaltasuna, proiektuaren izaera berritzailea eta lurraldean izan dezakeen inpaktua.
EMANDAKO HAMAR SARIAK
• Iñaki Sagardoyk, Aitor Razquin eta Mikel Irurerekin elkarlanean, euskarazko nobela grafiko bat sortzeko proiektua aurkeztu du, Gregorio Suberviola Baigorri (1896-1924) nafar anarkistaren bizitzan oinarritua. Nabarmentzekoa da genero horren alde egindako apustua historia garaikideko pertsonai bat ezagutzera emateko eta erakusteko, besteak beste, XX. mende hasierako Iruña. Alde grafikoak interes handiko ilustrazioa du, estilo zaindu eta kalitate handia baitu. Nabarmentzekoa da, baita ere, taldea osatzen dutenen gaztetasuna eta diziplina-aniztasuna, bai eta sormen-proposamena euskara hutsez kontzeptualizatu eta garatzea.
• Andrea Santiago Díezek Geografía de unas nanas proiektua aurkeztu du, musika-sormenaren epigrafearen baitan. Proiektuak helduendako bost lo-kanta konposatu eta jotzea aurreikusten du, eta horrekin batera egileak berak egindako liburuxka bat, gaiarekin bat datorrena eta loaren faseak islatzen dituena. Ongi egituratutako proiektua aurkeztu du, eta ideia berritzaile bat, helduendako lo-kantak baitira, eta horiei laguntzeko liburuxka bat sakontasunez eta sinbolismoz betetako testuekin.
• Margarita Leoz Munillak sormen literarioko proiektu bat aurkeztu du, Lo que permanece eleberriaren idazketa egiteko, memoriari, familiari, doluari, maitasunari eta minari buruzko obra bat. Bi pertsonaiaren istorioa da, bat-batean hiltzen den aita eta hura gogoratzen duen alaba, elkarrekin bizi izan zituzten urteak ibiltzen dituen kontakizuna, bai eta heriotzaren ondorengoak ere, absentziaren, doluaren eta aita gabeko bizitzaren garaia. Aurkeztutako pasarteetan hizkuntza zuzen eta zehatza nabarmentzen da, bai eta narrazio soil bat, lau ardatzetan egituratua: gertakaria, oroitzapena, dolua eta gogoeta. Nabarmentzekoa da, halaber, obraren dimentsio metaliterarioa, eleberria bera ere eleberri honen idazketa baita, eta ikerketa egiten baitu idazketa, bizitza eta minaren arteko harremanari buruz.
• Estefanía de Pazek La reina del Arga/Argako erregina proiektu handia aurkeztu du, zenbait diziplina bateratzen dituena: arte plastikoak, argazkilaritza, musika, arte eszenikoak, dramaturgia eta bideoa. Proiektuak proposatzen du Remigia Etxarrenen irudia berreskuratzea eta omentzea, 1853an Iruñean jaio eta 1921ean hildako funanbulista (datorren urtean haren heriotzaren mendeurrena beteko da), abentura eta erronkaz beteriko bizitza izan zuena. Proiektu honen bidez hori aldarrikatu nahi da, emakumeen zirkoaren diziplinari ikusgarritasuna emanez. Nabarmentzekoa da ezohiko emakume bat berreskuratzen duela, bai eta diziplina askotako proposamen artistikoaren anbizio handi eta berritzailea. Proiektuan laguntzaile izanen ditu Kiko Ortega argazkiekin, Gorka Pastor musikarekin eta Jesús Iriarte bideo-errealizazioarekin.
• Iñaki Alforjak Libélulas-Mariburruntzi proiektua aurkeztu du. Bertan kirolaren balioak erabiltzen dira elkartasun, ahalegin eta batez ere berdintasunari buruzko erreferentzia positibo bat ekartzeko gizartera, hori guztia gizarte komunikazio positiboarekin. 60 urte inguruko pertsonek osatutako igeriketa sinkronizatuko talde horren sorreraren hamargarren urteurrenaren karietara, dokumental bat prestatu dute askotan erakusten ez den populazio bati buruz, hau da, emakume helduak. Eta hori egin du ikuspuntu positibotik eta kirolaren ikuspegitik (non gaztetasunari loturiko balioak izaten baitira nagusi, besteak beste, azkartasuna eta indarra) abiatuta, eta gainera dokumentalaren protagonistekin eginda, aurreprodukzio lanetan parte hartzen baitute.
• Marisa Mantxolak Espejismos proiektua aurkeztu du: hurbil dugun hori aldarrikatzen duen proposamen artistikoa, bidaia bat gure eguneroko paseoetan barna, inguruan dugun horren alde ezohikoa aldarrikatzen duena. Argazki-muntaia eta collage digitalen bidez egindako ikus-inpaktu handiko diseinuak erabilita, bere “Caminografías” originalak eskainiko dizkigu, esperientzia sentsorial eta estetiko horiek jasotzen dituzten espedizio-albumak, diapositiben proiekzioetan eta argitalpen batean adieraziko direnak.
• Jon Mikel Caballerok fikzioko luzemetrai bat egiteko zinema-gidoi baten proiektua aurkeztu du, El fuerte izenburupean. Beldur psikologikoaren generokoa da eta Ezkabako gotorlekuan girotuta dago. Obraren sinopsi sintetikoa eta ekoizpen-plana aurkeztu ditu. Generoari ikuspegi humanistatik heldu dio, bigarren aukeretan sinetsita eta bereziki azpimarratuta obrako pertsonaien erredentzioa.
• Maitane Azparrenek eta Uda Irisarrik Duobla Kreata proiektua aurkeztu dute. Proposamen berritzailea da, ehun-gaiak eta material zeramikoak aldarrikatzen baitituzte, eta, aztertzera eramanen dituen ikerketa sakon batetik abiatuta, instalazio artistiko garaikide bat sortuko duen proposamen bat eskainiko dute, ehun-gaiek eta gai zeramikoek eta ikus-entzunezko pieza batek osaturikoa. Nabarmendu da, baita ere, elkarlan honen bidez bi egileek beren ikerketa- eta sormen-prozesuak partekatuko dituztela.
• David Pérez Villanuevak Staying Alive topaketa baterako elkarlanak aurkeztu du. Ikerketa koreografikoko prozesu bat eta humanitateari buruzko gogoeta bat da, haren biziraupenari buruzkoa eta horretarako sortzen dituen gizarteei buruzkoa. Egilearen motibazioa sortu da “Postnaturari” buruz ikertzeko praktika koreografiko bat ezartzeko beharretik. Ekintza honen garapenak helburu du mugimenduaren bitartez sakontzea ekologian eta ingurumen-jasangarritasunean. Proiektu berritzaile bat da, batera ekartzen dituena filosofia eta naturan mugitzeko dugun moduarekiko interesa. Praktika koreografikoarekiko diziplina askotako ikerketa eta azterketa dakar.
• Beñat Iturbe Hualdek Marty´s izeneko testu dramatikoa garatzeko proiektua aurkeztu du. Komedia satiriko bat da, zehaztu gabeko mugako hiri bateko taberna esklusibo batean girotua, zehaztu gabeko denbora batean. Obrako pertsonaiak, beren bizitzako egun guztietan bezala, Martys-en elkartu dira, gerra eztanda egitear dagoenean. Ihes egin beharrean, beren burbuila propioan bizitzen utziko dien denbora eta leku batean geratuko dira. Proiektua ongi garatua dago, eta testu dramatiko baten elementu guztien ikerketa sakona jasotzen du. Denbora eta espazioa protagonista dira pertsonaiekin batera, eta egileak baliatuko ditu obraren sakoneko helburua bilatzeko: adiskidetasun mota oso zehatz baten eta ohituraren eraginez sortzen diren dinamiken desegitea (rolak, jokamolde toxikoak, etab). Errealitatea agertzearekin batera agerian geratuko dira jarduteko mekanismo horiek.