
UDALBATZA HIRI GORPUZTUAREN SEGIZIOAN
- IRUÑA
- Erraldoi eta Buruhandien konpartsa 10:10ean abiatuko da autobus geltokitik. 11:05ean segizioa Udaletxetik aterako da.
Iruña Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena prestatzen ari da, arteak, ondarea eta kultura ardatz izanen dituzten ekimen historikoekin. Udala hiriko hiru burguak batu zituen ituna hedatzeko jarduera-programa zabal bat osatzeko lanean hasi da.
Programa zabala
Iruña jarduera-programa zabal bat prestatzen ari da, arteak, ondarea eta kultura ardatz izanen dituzten ekimen historikoekin, Batasunaren Pribilegioaren sinaduraren 600. urteurrena ospatzeko. Itun hori hiriko mugarri esanguratsuenetako bat da; izan ere, Iruñeko Udala instituzio gisa eratzea ekarri zuen, gaur egunera arte dirauena, bai eta herritarren batasun, elkartasun eta anaitasun nahia gauzatzea ere. Hiru burguak, Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas, entitate bakar batean batu ziren, mendeetako elkarren arteko gatazken ondoren.
Udalak ezohiko jarduera batzuk eginen ditu, hiru ardatz nagusitan banatuta: ikerketa zientifikoa eta dibulgazioa, sorkuntza artistikoa eta gertakari horren eta haren testuinguruaren birsortze historikoa. Jarduera horiek urtean zehar egin eta irailaren 8an amaituko dira, ituna sinatu zen egun zehatza ospatzen den egunean.
Ikerketa eta dibulgazioa
Gertakari historiko horren berri emateko, argitalpen bat prestatzen ari dira, non hamabost idazlek XV. mendeko Nafarroako monarkiaren testuinguruan kokatuko baitute sinadura. Obrak hiriaren eta bertako biztanleen bizimoduak, haien hizkuntza eta garaiko hirigintza deskribatuko ditu, Pribilegioaren itunaren jatorrizko agiriaren edukiaz gain.
Datozen hilabeteotan hitzaldi ziklo bat eginen da, non agiriarekin eta haren testuinguru historikoarekin zerikusia duten hainbat gai azalduko baitira. Efemeridearen egunetik gertu, garai hartako agiriak ikusgai jarriko dira Kondestablearen jauregian eginen den erakusketa baten bidez. Agiriok Udal Artxiboan gordeta egon dira, eta itun hori idaztea eragin zuten arrazoiak eta zergatiak erakusten dituzte, baita Iruñearentzat izan zituen ondorioak ere.
Sorkuntza artistikoa
Pribilegioaren inguruko programazioak, halaber, logotipo bat izanen du, urteurrenari dagokion moduan, 600 zenbakia irudikatuko duena. Zenbakiaren zifra bakoitzak antzinako burguetako bat –San Zernin, San Nikolas eta Nabarreria– irudikatzen du, eta hirurak elkarri lotuta agertzen dira. Zenbakiarekin batera “Batasunaren Pribilegioaren urteurrena” inskripzioa ageri da, gaztelaniaz eta euskaraz. hiru zirkuluren arteko intersekzioa irudikatzen duen konposizioan. Irudi hori gotikoaren berezko apaindura bat da, eta Karlos III.ak, Pribilegioa eman zuen Nafarroako erregeak, ikur gisa hartu zuen.
Musika ere urteurren honen ospakizunen parte izanen da. Udalak bi obra musikal sortzeko enkargatu die izen handiko bi konpositoreri, La Pamplonesa bandaren zuzendari den Vicent Egearen aholkupean. Saül Gómez Soler konpositoreak banda sinfonikorako kalejira bat konposatu du, eta José Rafael Pascual Vilaplanak, banda eta korurako obra sinfoniko koral bat. Kalejira irailaren 8an interpretatuko da lehen aldiz, Udalbatzak hiriaren izenean egin ohi duen desfilean, eta pieza sinfonikoa La Pamplonesak Gayarre antzokian eginen duen Pribilegioaren kontzertu berezi batean aurkeztuko da, udazkenean. Sorkuntza horiek, zeinak etorkizuneko ospakizunetan ere entzunen baitira, Erdi Aroko kutsuko sonoritatea izanen dute eta Pribilegioaren oinarri kontzeptualak balioetsiko dituzte: batasuna, elkartasuna, bakea eta anaitasuna.
Sorkuntza artistikoaren esparruan, halaber, AEDAS Homes entitateak, Udalarekin elkarlanean, hiri-eskulturako Iruñeko lehen nazioarteko Lehiaketa abiarazi du, ‘1423’ izenekoa. Otsailaren 27an amaituko da lehiaketara horretara proiektuak aurkezteko epea, eta lanek XV. mendean Batasunaren Pribilegioak ekarri zuen integrazioa islatu beharko dute. Obra irabazlea Udalak erabakitzen duen hiriko erdiguneko hiri-eremu batean kokatuko da, eta irailaren 8an inauguratuko da. Lehiaketaren oinarriak https://www.aedashomes.com/escultura1423 webgunean kontsulta daitezke.
Birsortze historikoa
Pribilegioaren 600 urteen inguruko ospakizunak testuinguruan jartzeko hainbat birsortze historiko eginen dira, eta Zaragozako Unibertsitateko Garapenaren, Historiaren eta Ondarearen Laborategiari enkargatu zaizkio. Entitate hori ikerketa zientifikoan espezializatuta dago, eta horien emaitza birsortze publikoetan gauzatzen du, herritarrek historia bertatik bertara ezagut dezaten, aurrez egindako ikerketen zorroztasun zientifikoarekin. Torneoak, lanbideen erakustaldiak, itunaren sinadura edo baita koroatze bat ere izanen dira irailean Alde Zaharreko kaleetan barna ikusten ahalko ditugun eszenetako batzuk.
Azkenik, urteurrenaren inguruko jarduera-programa osatzeko, zenbait jarduera egin dira ondarearen kontserbazioaren esparruan. Hala, hiriaren lehen armarriaren brontzezko erreplika bat egin da, hobekien kontserbatzen den agiriaren zigiluaren hiru dimentsiotako eskaner batetik sortua, eta jendaurrean ikusgai paratuko da. Gainera, hiriaren izenean egin ohi den desfilearen parte diren udal-ondarearen pieza batzuk zaharberritu dira, besteak beste, tinbal eta turuten eta erraldoien jatorrizko oihal barrokoak.
600. urteurrenaren karietara eginen diren ekimen horiek guztiak Udalak Batasunaren Pribilegioaren eguna ospatzeko egin ohi dituen ekitaldi tradizionalei batuko zaizkie.