Programa

BERTSOAROA 2022

NAE, KONDESTABLE CIVIVOXA, KATAKRAK ETA TXANTREAKO SALESTARRETAN
2022/02/10 - 2022/02/24
IKUSI KARTELA

Bertsoaroa 2022 zikloa Nafarroako Antzerki Eskolan, Kondestable civivoxean, Katakrak-en eta Txantreako Salestarretan otsailaren 10etik 24ra, 19:00etan, izango da. Azken 30 urteetan bezala, aurten ere antolatu dute zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, elkarlanean. Bertsoa hiriburuan sustatzeko asmoz, sei emanaldi izango dira, bertsolaritzaren aniztasunaren erakusgarri.

NAEko ikuskizunetarako sarrerak bere webgunean egongo dira salgai, 5 eurotan (NAEko hiru ikuskizunetarako bonua, 12 eurotan); Katakraken eta Kondestable Civivoxean sarrera librea izango da aforoa bete bitarte; eta Txantreako Salestarretan berriz, izen-ematea ezinbestekoa da nafarroa@bertsozale.eus helbidean edo 948143747 telefonoan, otsailaren 17a baino lehen.

BERTSO JAIALDIA
OTSAILAK 10, osteguna, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan

Sarrerak 5 eurotan salgai NAEren webgunean*
Bertsolariak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal.
Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo
Bertsoaroaren 31. aldia, ohikoa den gisan, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Alaitz Rekondo arduratu da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira sei bertsolari. Oholtza berean elkartuko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako bertsolariak, tartean, lau txapeldun, eta denen artean osatuko dute egungo bertsolaritzaren argazkia.

‘eRRe’. Bertso sorta dramatizatuak
OTSAILAK 15, asteartea, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan

Sarrerak 5 eurotan salgai NAEren webgunean*
Partaideak: Aner Euzkitze, Haizea Arana, Leire Vargas eta Oihana Arana.
Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua.

GAZTEEN BERTSO SAIOA
OTSAILAK 17, osteguna, 19:00etan, Katakraken

Sarrera librea, aforoa bete arte
Bertsolariak: Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Naia Arrizabalaga
Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea
Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez. Bertsolari gazteak izanen dira oholtza gainean, nafarrak eta kanpokoak, belaunaldi berrien bertsolaritzaren erakusgarri.

‘BERTSO JASA, BAT-BATEKO JOLASA’. Haurrentzako bertso tailerra
OTSAILAK 19, larunbata, 11:00etan, Txantreako Salestarretan

8-12 urte artekoentzat. Izen-ematea beharrezkoa, otsailaren 17ra arte, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan
Bertsolariak: Bittori Elizalde eta Josu Sanjurjo
Bertsolaritzaren ohiko zirkuituan eskaintzen diren bertso-saioak publiko helduentzako sortuak dira, eta erabiltzen diren esamoldeak, hiztegia, gaiak eta orokorrean, komunikazio modua publiko helduari bideratua dago. Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira.
Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolariek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako.

BEDERATZIKOA’. Pianoa eta bertsoa
OTSAILAK 22, asteartea, 19:00etan, Kondestable Civivoxean
Sarrera librea, aforoa bete arte
Bertsolaria: Andoni Egaña
Piano-jotzailea: Xabier Lizaso
Beethovenek bederatzi sinfonia osatu zituen, nahiz baden hil zenean hamargarrena abian zuela esaten duenik ere. “Bederatzikoa” edo bederatzi puntukoa bertso neurri bat da, Beethovenen garaitik gaur arte iritsi dena. Pernando Amezketarrak, esaterako, erabiltzen zuen, eta Beethovenen garaikidea zen. Azken Euskal Herriko Txapelketa Nagusietan, buruz burukoaren erremate gisara, klimax unean, bederatziko bana bota behar izaten dute bertsolariek. Beethovenen obra eta bizitzari errepasoa ematearekin batera, bertsogintzan hain berezi izan den neurri horretan sortutako bertso gogoangarrien errepasoa egingo dugu. Aukera izango dugu, hartara, kultur-molde eta garai askotarikoen interpretazio propioa egiteko.

BERTSO JAIALDIA
OTSAILAK 24, osteguna, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan

Sarrerak 5 eurotan salgai NAEren webgunean*
Bertsolariak: Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi.
Gai-jartzailea: Maialen Belarra
Aurtengoan ere goi mailako bertso jaialdi batek itxiko du Bertsoaroaren egitaraua. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Tartea, Nafarroako azken txapelketako txapeldun eta txapeldunordea. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian.

Irakurri gehiago Itzuli edukiaren hasierara