Programa

ECOZINE 2021 JAIALDIA

Laugarren urtez, ECOZINE ‘#UnPlanetadeZine’ Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdia Iruñera iritsiko da, Iruñeko Udalaren eta Ecozine Kultur Elkartearen eskutik. Maiatzaren 24tik 27ra Golem zinemak (Baiona) hartuko du jaialdiaren Sail Ofiziala, herritar guztientzat, joan den martxoan Gazte Hezkuntza Saila burutu ostean. Saioetan, nazioarteko dokumentalak eta film laburrak proiektatuko dituzte, beti ere 19:30etan, eta ondoren eztabaida irekia eginen dute bertaratutakoekin.

Sarrera doakoa da, baina joan nahi dutenek gonbidapena jaso behar dute gaurtik bertatik, 16:30etatik 20:00etara, Golem Baiona zinemetako leihatiletan. Programatutako saioek osasun-segurtasuneko neurri guztiak beteko dituzte, edukierari eta distantziei dagokienez, eta maskara jarrita eraman beharko da jarduerak iraun bitartean. Proiekzio guztiei buruzko informazioa udalaren webgunean eta ECOZINE Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdiaren webgunean dago eskuragarri.

Ingurumenarekin lotutako ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzen eta zabaltzen dituen jaialdi hau 2007. urteaz geroztik ospatzen da Zaragozan. Sentitzeko, hausnartzeko eta jarduteko gonbidapena da, zinema aldaketa eta eraldaketa sozialerako arte gisa erabiliz. Aurtengo egitarauan, inaugurazioak eta itxierak tokikotasuna eta natura galdua izanen dituzte ardatz, Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ (2019) eta Maddi Barberren ‘Urpean Lurra’ Itoizko urtegia ardatz duen filmarekin. Azken hau maiatzaren 27an proiektatuko da.

Maiatzaren 25 eta 26ko saioek nazioarteko kutsua izanen dute. Asteartean, hilaren 25ean, ‘Titixe’ Tania Hernandez Velascok 2018an zuzendutako dokumentalarekin Mexikora bidaiatuko dugu. Argumentua errealizadorearen aitonaren heriotzan oinarritzen da, bere familiako azken nekazaria eta landa ezagutza tradizionalen galeran. Asteazkenean, hilaren 26an, 2019ko ‘The Price of progress‘ (Garapenaren prezioa) proiektatuko dute, sektore horretako funtsezko aktoreen azpijokoak, beldurrak, emozioak, presio politikoak eta argudioak aztertzen dituen elikagaien industriaren erabaki-hartzearen erretratua.

Jaialdiaren aurkezpen bideoa

Irakurri gehiago Itzuli edukiaren hasierara