Programa

EMAKUMEAK AURRERA JAIALDIA

‘Emakumeak Aurrera’ jaialdia lehenengo aldiz eginen da Iruñean, emakumeak buru dituzten musika-proposamenekin. Irailaren 4an, larunbatarekin, eginen da, 19:00etatik aurrera, Runa parkean, eta doako lau kontzertuen protagonistak emakume artistak izanen dira: Rigoberta Bandini, Julia de Castro, Ede eta Cintia Lund; horiez gain, Raxku DJ-ak musika jarriko du kontzertuen artean eta amaieran. Jaialdia egungo musika-panoraman arrakasta handia izaten ari diren emakumeen musika proiektuak ospatu eta ikusarazteko xedez sortu da. Sarrera librea da, leku guztiak bete arte.

Iruñeko Udalak feminismoa, musika estiloen aniztasuna eta kalitatea uztartzeko xedez antolatu du proiektu hau, betiere ardatz hartuta konposatu, sortu eta euren ibilbideen protagonista diren emakumeak. Askotariko musika estiloez gozatzeko aukera egonen da, hala nola Rigoberta Bandiniren musika elektroniko pertsonalaz, Julia de Castroren cumbia, rantxera eta flamenko doinuen nahasketaz, Ederen soul eta r&b soinuak dituzten abesti intimoez eta Cintia Lunden pop-rockaz. Haiek guztiek zera partekatzen dute: gaztelaniak konposatu eta abesten dute eta dantzatzeko musikaz gain, diskurtso feminista, sozial eta intimoak ere eskaintzen dituzte.

ARTISTAK

RIGOBERTA BANDINI

2020ko agertoki alternatiboaren musika-fenomenoa izan da zalantzarik gabe. Bere proposamenak –euforia malenkoniatsu horrek, elektronikaren eta egile-kantaren arteko nahasketa horrek– single bakoitzarekin era masiboan konkistatu du publikoa, eta bere hurrengo diskoa musika panoraman gogo handienez espero direnetakoa da. Bere letretan literatura- proposamen benetan interesgarria topatzen ahal dugu, bai eta esperientzia-narratiba poetikoa eta aldarrikapen feminista ere. Paula Ribóren ahotsa distiratsua da, eta ezaugarri ditu neurrigabeko kalitatea eta ñabardurak. Bere kantuen artean, batzuk dagoeneko hit bilakatu dira, dantzarako ereserki petoak, eta beste batzuetan lasaitasuna eta intimitatea nagusi dira, azken batean, gozatzeko eta ongi pasatzeko errepertorioa baita, zerbait berria eta freskoa, jende gehienarekin konektatu duena.

JULIA DE CASTRO

Artista polifazetikoa, aktore gisa ere oso alderdi interesgarria baitu, Julia de Castro talentu, arrisku-, garapen-, esperimentazio- eta kalitate-uholdea da. ‘De la Purísima ‘duo liluragarriarekin urteak eman ondoren, bakarlari gisa bere debuta izan den ‘La historiadora’ disko egin berria festa bat da, cumbia, ranchera, musika elektroniko eta flamenkoaren nahasketa liluragarria, musika-fantasia bat, diskurtso intelektual eta feminista oso garrantzitsuko letrez lagunduta, ahozkotasunaren eta antzinako kontakizunen aldarrikapen bat eta emakumeen historia nabarmentzea xede duena.

EDE

Xoel Lópezen taldeko ahotsen kide, Edek bere bakarkako musika-proiektuari ekin dio, egile eta konposizio lanak berengain hartuta. Ede samurtasuna da, karisma, sentiberatasuna, berotasuna, barru-barruko lanaren zintzotasuna, ahots baten kalitate aparta bere ñabarduretan eta ezberdintasunean, eta bere musikak soularen, sustrai herrikoietako musiken, boleroaren eta, flamenkoaren ukituak ditu, maitasunik ezari, autobaieztapenari eta abarri buruzko letra ederrak lagun dituela.

CINTIA LUND

Cintia Lunden magnetismoa bere proiektu guztian hedatzen da, non modernitatea eta retro itxurako nostalgia uztartzen baitira dream pop, folk eta elektronika musika-joeren bitartez. Ahots boteretsua eta ñabarduraz betea, gaztelaniazko konposiziora irekitako letrak, soinu-atmosfera eta eszenaratze zaindua, nortasunez betetako diskurtso artistikoa, horra bere kontzertuetan aurkitzen ditugun ezaugarri indartsuetako batzuk.

DJ RAXKU

Bere saioek musika elektronikoa eta haren aldaerak dituzte ardatz, betiere emakumeek egindako musikara joaz. Klasikoak eta ohiko popa, abesti ezezagunagoekin eta esperimentalekin uztartzen ditu, eta inoiz ez dira falta haren nahasketa-lanetan Jessie Ware, Grimes, Empress Of, Dua Lipa eta Bad Gyal artisten kantak, besteak beste. Iruñean hainbat tabernatan aritu da musika jartzen, Txintxarri taberna kasu, bai eta Londreseko club txiki batzuetan ere.

Irakurri gehiago Itzuli edukiaren hasierara