Programa

NAK’ 21 JAIALDIA – FUSIOA

Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiaren (NAK 2021) VII. edizioa eginen da Iruñean, irailaren 3tik 18ra. Ekitaldi hau musika garaikideko lanak estreinatu eta hedatzea ahalbidetzen duten ekimenak sustatzeko beharragatik, eta konpositore eta interpreteei laguntze aldera sortu zen. Kondestable Civivoxa, Baluarte, Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioa, Civican eta CTL Formación Imagen y Sonido zentroa izanen dira diziplina anitzeko programa baten agertokiak, non 19 estreinaldi absolutu biltzen baitira: 14 musika lan, sorrera berriko eta zuzenean gauzatutako ikusizko 4 lan, eta orain arte estreinatu gabeko musika ikuskizun didaktikoa, familiendako imajinatua. Guztira musikako eta multimediako 35 lan (15, estreinaldiak Nafarroan), 8 jarduera-egunetan.
Garaikideak Musika Garaikidearen Zentroak sustatu du NAK’ 21 FUSIOA, eta Iruñeko Udalaren Civivox Sarearekin batera antolatu da.

Aurtengo programazio-proposamenaren ardatza FUSIOA izanen da, eta lantegiak, esperientzia artistiko-musikalak eta kontzertuak bilduko ditu. Aparteko taldeek bisitatuko dute NAK FUSIOA, hala nola SPANISH BRASS, 2020ko Musika Sari Nazionalaren irabazlea; IÑAKI ALBERDI MUSIC PROJECT, Iñaki Alberdi akordeoi-jotzaileak, Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzailearekin eta Mikel Andueza saxofoi-jotzailearekin batera osatua; PILAR RIUS gitarra-jotzailea eta ELISA URRESTARAZU saxofoi-jotzailea, Ómicron XXI proiektu berriarekin, eta TOMOMI KUBO konpositorea, inprobisatzailea eta Ondes Martenot jotzailea. Nazioarteko jotzaileak eta sortzaileak dira, eta honako artista nafar hauekin bat eginen dute: CMC GARAIKIDEAK, KUARIST (saxofoi laukotea), MIREN KARMELE GÓMEZ (artista sinestesikoa eta zientzia-dibulgatzailea) eta BELÉN OTXOTORENA (aktorea eta narratzailea). Denek lurraldearen mugak zabalduko dituzte antzeko helburuak dituzten artisten arteko elkarguneak sustatzeko.

NAK FUSIOAn gure soinu-paisaiako eta gure musika-ondareko hainbat oihartzun bilduko dira, esaterako, jazz-inprobisazioa eta Ondes Martenot musika-tresnarekin esperimentatzea, aparteko ezaugarriak baititu eta ia desagertzeko arriskuan baitago. Diziplina anitzeko beste adierazpen batzuk ere izanen dira, hala nola dramaturgia eta dantza, edo 3D-n egindako sorkuntza bisualak, errealitate birtualeko softwarearen bidez eginak. NAK ikertu, sortu, barne hartu eta interpretatzeko gunea da, eta eztabaida, pentsamendu zein gogoetarako guneak sortzen ditu. Zazpi urte daramatza jada sortzaile eta ikusleen arteko topagune honek finkatzen, non musika garaikidea, esperimentazioa eta pentsamendu estetikoa bateratzen baitira, jarduera guztien ikuspegi didaktiko batekin. Edizio honek FUSIOA proposatzen du ardatz tematiko gisa, abangoardiako eta sormen berriko musikari buruz ikertu eta horren gainean esperimentatuko duten hainbat proposamen aurkeztuz.

Edizio honek honako hauen laguntza izan du: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Kutxa fundazioa, “La Caixa” fundazioa, INAEM (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala), Baluarte fundazioa, Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Itaka Escolapios fundazioa, Befaco, CTL Formación Imagen y Sonido eta Arion estudioa.

KONDESTABLE CIVIVOXEKO JARDUERAK
FUSIOA II: ESPERIMENTAZIOA MARTENOT UHINEKIN
R. Creuze, C. Saint-Saëns (T. Kuboren bertsioa), A. Yamane, J. Trbojevic, DJ Amsia eta T. Kuboren obrak
TOMOMI KUBO (MARTENOT UHINAK)
KONDESTABLE CIVIVOXA. IRAILAK 10. 20:00
FUSIOA III: EBOKAZIOAK ETA TESTURAK
A. Cano, M. Hirano, C. Czernowin, A. Fuentes, L. Berio, I. Bádalo, F. Laguna, J. Castro eta
D. Pérez Custodioren obrak.
OMICRON XXI: PILAR RIUS FORTEA (GITARRAK) ETA ELISA URRESTARAZU (SAXOFOIAK)
KONDESTABLE CIVIVOXA. IRAILAK 11. 20:00
FUSIOA IV: MICROTONALISMOA ETA JAZZA
S. Sciarrino, M. Scheneider, J. Cage, H. Chong eta J. Zorn-en obrak
IÑAKI ALBERDI TRÍO: MIKEL ANDUEZA (SAXOA), GONZALO TEJADA (KONTRABAXUA) ETA IÑAKI ALBERDI (ACORDEOIA)
KONDESTABLE CIVIVOXA. IRAILAK 17. 20:00

Irakurri gehiago Itzuli edukiaren hasierara