Programa

SAN FERMIN GERTUTIK

Haurrendako lantegiak, hitzaldiak eta diskoforum bat Kondestable Civivoxean egunotan sanferminen espiritua gogora ekartzeko, sanferminik gabeko bigarren urte honetan. Ekainaren 29ra arte ibilaldi bat eginen da festen historian eta bitxikerietan barna, eta gogoratuko dira sanferminen Jatorrizko Soinu Bandaren parte diren zenbait abesti. Txikienek beren unibertso zuria eta gorria eraikitzen ahalko dute marrazkien, panpinen edo Lego piezen bidez. Horrez gain, bi hitzaldi programatuko dira, festen historia eta bitxikeria nagusiak jomuga hartuta, eta ‘disko-forum’ bat, azken hamarkadetako Sanferminetan gehien dantzatu diren kantak gogoratzeko.

‘San Fermin gertutik’ da, hain zuzen ere, Civivox sareak festei egiten dien omenaldi partikularra, COVID-19aren krisiaren ondorioz festarik gabeko bigarren urte honetan, eta aurrez aurreko ekitaldiak antolatu ditu adin guztietarako. Hiru lantegik haurren irudimena piztuko dute, jaietako unerik onenak gogoratzen laguntzeko. Bi euro balio dute, eta aurrez izena eman behar da pamplonaescultura.es webgunean.

5 eta 12 urte bitarteko haurrek eraikuntza libreko lantegi batez gozatzeko aukera izanen dute, hainbat Lego piezarekin irudikatuz entzierroaren ibilbidea, barrakak, peñen irteerak edo Udaletxeko fatxada. Figura eta osagarri espezifikoak erabiliko dira gai horretarako, eta teknika zehatzak ikasiko dira sorkuntza horietarako. Lantegi hau ekainaren 23an gaztelaniaz eginen da, eta ekainaren 29an, euskaraz. 5 eta 12 urte bitartekoendako proposamena honako hau da: San Ferminen historia paperean sortzea. Ekainaren 24an, ostegunean, istorio bat asmatuko dute eszenatoki bat eta pertsonaiak paperarekin sortuz. Gero horiei bizia emanen diete pop up liburuek berezko dituzten tekniken bidez. Azkenik, 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek beren erraldoi edo kiliki gogokoena sortzen ahalko dute oihalezko panpina margotu batez. Larunbatean izanen da, hilak 26, 11:00etatik aurrera.

San Ferminetako soinuak eta bitxikeriak gogoratuz

Bi hitzaldik festetako ezinbesteko uneak gogoratzen lagunduko dute. Lehena, ekainaren 24an izanen da, ostegunarekin, 19:00etan, euskaraz, eta bitxikeriez gain, ospakizunek eta tradizioek urteetan zehar izan duten bilakaera aztertuko du, gaur egun ezagutzen ditugun Sanferminetara iritsi arte. Bigarren hitzordua asteartean izanen da, hilak 29, 19:00etan ere, eta sanferminetako erakargune nagusien historia errepasatuko du, besteak beste, barraka, erraldoi, txistulari eta entzierroena. Bi hitzaldiek sarrera librea dute, aurrez izena emanda pamplonaescultura.es webgunean.

Azkenik, ‘San Fermin gertutik’ zikloak azken hamarkadetako festetara bidaiatuko du musikaren bidez. Ostiral honetan izanen da, ekainaren 25ean, 19:00etatik aurrera, Luis Gortari irrati esatariak gidatutako ‘Diskoforum’ batekin. Biniloen soinu bereziaren bidez, askori bere bizitzako sanferminak gogoraraziko dizkioten abesti batzuk ekarriko ditu gaur egunera. “Parerik gabeko festak” gogoratzeko musika izanen da entzungai: Iruñako taldea, Richard Strauss, La Pamplonesa, Conchita Velasco… Jarduera honek sarrera librea du aurrez izena emanda, Iruñeko Udalaren kultura webgunearen bidez: pamplonaescultura.es

Irakurri gehiago Itzuli edukiaren hasierara