Ekitaldia

Udalak argitara eman ditu egile berrientzako euskarazko XXV. Literatur Lehiaketako lan irabazleak, Artista Gazteak lehiaketako saridunek ilustratutako liburu batean

Iruñeko Udalak argitara eman ditu egile berrientzako euskarazko XXV. Literatur Lehiaketako lan irabazleak, Iruña eta Artista Gazteak lehiaketako saridunek ilustratutako liburu batean. 2015eko lehiaketako narrazio laburren, olerkien eta bertso-paperen modalitateetako irabazleak izan ziren, hurrenez hurren, Dani Martirena, Jon Barberena eta Julio Soto. Bi urtetik behin egiten den 2014ko Iruña eta Artista Gazteak lehiaketako lehen hiru sarien irabazleak, bestalde, Agustín Bobo, Xabier Barrios eta Javier Arbizu izan ziren, eta Alba Armendarizek aipamen berezia jaso zuen.

Liburuak 324 orrialde ditu, eta 20. zenbakia egiten du, Iruñeko Udalak 1996an bildumari ekin zionetik, bertan 1988 eta 1994 bitarteko narrazio laburren modalitatean saria irabazitako lanak argitaratzeko. Aurreko azken liburuki argitaratua 2010ekoa da. Horren bitartez, Iruñeko Udalak babesa eman nahi izan die berriro –haien lanak argitaratu eta hedatuz– idazle hasi berriei, zeinak Nafarroako euskal literatur sormenaren etorkizuna izan baitaitezke. Irabazleen izenak ezagutzera ematerakoan, epaimahaiak “lan askoren literatur kalitate handia eta maila orokor handia” azpimarratu du, eta baita “hizkuntza dotore, bizi eta aberatsa darabiltela”, eta, bertso-paperen kasuan, “errima-aberastasuna, eta neurria errespetatzeko, gaiari doitzeko eta hizkuntza zuzena erabiltzeko gaitasunak”.

Liburutegi eta ikastetxeei doan, eta liburu-dendetan salgai

350 ale argitaratu dira: batzuk liburutegi publiko eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetakoan banatuko dira, eta gainerakoak Iruñeko liburu-dendetan izanen dira salgai, 10 euroko prezioan. Literatur Lehiaketako lan irabazleekin batera, Iruñeko Udalak euskarazko beste argitalpen-ildo bati ekin dio, honako lan monografiko hauek argitara emanda: Pío Baroja, 50 urte; On Kixote Mantxakoa, 400 urte; Alexander Tapia Perurena, Iruñeko olerkaria; Iruñeko euskarazko kazetaritzako antologiak, Jose Agerre Santesteban. Gerra-ondoko olerki-lanak (1949-1962) eta Iruñeko Udaleko euskal literatura lehiaketak (1882 eta 1928).

30 lan aurkeztu dira XXV. Literatur Lehiaketara, horietatik 20 narrazio laburrean, 6 poesian eta 4 bertso-paperean; partaidetza-kopurua azken urteetakoaren antzekoa izan da. Kategoria bakoitzeko lehen sari bakoitzak 2.500 euro jotzen du; bigarren sariek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. Epaimahaiak Maider Beloki Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Zinegotzi Delegatua izan du buru, eta honako beste hauek osatu dute: Lontxo Aburuza Rezola, Itziar Diez de Ultzurrun Sagala, Uxue Juárez Gaztelu eta Iñaki Azkona Udaleko euskara-koordinatzailea.

Itzuli edukiaren hasierara